Miguel Angel Blancori buruzko filma grabatuko dute Urduñan, eta figurante bila daude

Garazi Cuadra Alvarez

Mikel Bustamante aktore amurrioarra, artxibo irudi batean. / M.B.

Mikel Bustamante aktore amurrioarrak egingo du Miguel Angel Blancoren papera. 

Temps enpresa jende bila dago Urduñan, ETAk bahitu eta hil zuen Miguel Angel Blancoren inguruko Blanco filmean parte hartzeko

Azaroan hasiko dira errodatzen Felix Viscarret zuzendariak gidatutako filma, eta egun zehatzetan egingo dira grabaketak, oraindik zehaztu gabe daudenak. Produkzioak jende asko behar du, eta, beraz, parte hartzeko interesa duten 18 eta 70 urte bitarteko herritar guztiei luzatu diete aurkezteko deia. Hemen eman daiteke izena. 

Filmak Miguel Angel Blancoren azken orduak irudikatzea du helburu, bere bahiketaren eta hilketaren aurreko egunetako gertakariak pantailara eramanez. Besteak beste, garai hartako giroa eta herritarren mobilizazioa irudikatzeko eszenak osatuko dira, 1997ko testuingurua ahalik eta modu errealistenean islatzea izango baita produkzioaren helburuetako bat.

Produkzioak jende asko behar du, eta, beraz, parte hartzeko interesa duten 18 eta 70 urte bitarteko herritar guztiei luzatu diete aurkezteko deia.

Mikel Bustamante amurrioarra izango da Blancoren papera egingo duena. Aktoreak ibilbide oparoa egin du zineman eta telebistan, eta besteak beste, Maixabel, La casa de papel, Nasdrovia eta Cinco lobitos lanetan parte hartu du. Azken filma horretan egindako lanagatik, gainera, Goya sarietarako izendatu zuten Gizonezko errebelazio aktore onenaren kategorian. Oraingoan, pertsonaia historiko baten azalean jarriko da, Miguel Angel Blancoren azken orduak pantailara eramateko.

Beste aktore ezagun batzuek ere parte hartuko dute proiektuan, Eneko Sagardoy, Jon Ander Urresti, Natalia Huarte, Carlos Scholz, Lander Otaola, Susana Abaitua, Urko Olazabal, Amaia Aberasturi, Israel Elejalde eta Ramon Barea, besteak beste.

Estreinaldia uztailean

Filma 2027ko uztailean estreinatzea aurreikusi dute, Miguel Angel Blancoren heriotzaren 30. urteurrenarekin bat eginez. Proiektuak Miguel Angel Blanco Fundazioaren eta Blanco Garrido familiaren babesa ere badu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide