"Jende anitza gaude Bilboko etxebizitzaren aldeko kanpaldian, baina ezberdintasunak alde batera utzi ditugu helburua lortzeko"

Aitor Aspuru Saez

Ezkerretik eskuinera; Maialen Solaun, Izaskun Sautua eta Bambi./ Aiaraldea

MAIALEN SOLAUN (Laudio) eta BAMBI (Amurrio) modu aktiboan parte hartzen ari dira Bilboko Arriaga plazan egiten ari den etxebizitzaren aldeko kanpaldian eta IZASKUN SAUTUA (Areta) ere inplikatu da.

Noiz batu zineten kanpaldira?

Maialen Solaun: Duela bi astelehen. Kontzentrazio nahiko xumea egon zen Bilboko udaletxearen aurrean eta hamabost bat lagun batu ginen. Bi emakumek hartu zuten hitza gu animatzeko, gutxi izan arren, mugimendua abiatu behar genuela aipatu zuten. Bestela ez ginen inora helduko. Laudiora itzuli ginen gauzen bila eta tarteka etortzen gara.

Bambi: Hasieran sei edo zazpi ginen eta gauean jadanik elkartu ginen hamabost edo hogei. Poliki-poliki jendea gehitzen joan da. Gauez 40 lagun gara eta txandak egiten ditugu.

M. S.: Bai, guardiak egiten ditugu kanpalekua zaintzeko, eta beste batzuek lo egiteko, bestela ez da jasangarria. Gainera, kanpalekuan ezin da drogarik kontsumitu, edozein arazo ekiditeko eta gu kanporatzeko aitzakiarik ez emateko. 

"Kanpalekuan ezin da drogarik kontsumitu, edozein arazo ekiditeko eta gu kanporatzeko aitzakiarik ez emateko"

Bambi: Egunez jende asko igarotzen da hemendik, laguntzeko edota egoteko. Ni pertsonalki hamaika egunetatik zortzitan egin dut lo hemen. 

Zeintzuk dira kanpalekuko aldarrikapen nagusiak?

Bambi: Galdera zaila da. Jende asko gara eta aldarrikapen ugari. Batzuek ikuspegi iraultzailegoa dute eta beste batzuk batu ginen dekretuek aurrera egiteko. Uste nuen gutxienez lehenengo dekretua onartuko zutela, baina gero zirku bat bilakatu da dena.

M. S.: Bai, hasierako asmoa zen kanpaldia egitea dekretuak onartu arte, baina mugimendu ugari egon dira geroztik. Hortaz, oso zaila da guk bakarrik galdera hau erantzutea, asko garelako. Guztiok gaude etxebizitza lortzeko. Batzuk arrazismoagatik, beste batzuk LGTBIfobiagatik...

Bambi: Ikuspegi ezberdinetatik, baina borroka berean.

Kanpaldiak sortu ziren dekretuak bultzatzeko, baina egoera politikoa nabarmen aldatu da eta hauteskunde orokorrak egongo dira. Eragin dizue?

M. S.: Bai, nabarmen eragin du. Mobilizazioaren oinarriak ezarri behar ditugu ditugu.

Bambi: Gaur batzar oso handia izango dugu adosteko zein bide hartuko duen honek, zer egin ahal dugun... Niri asko hunkitu ninduen hauteskunde deialdiak. Etxebizitzaren alde ari gara borrokan eta bat-batean eskuin muturra heldu daiteke gobernura eta dena ezer ezean utzi. Albistea zabaldu zen unean, guztiok geunden nahiko triste. Gaur bilduko gara ea zer egin dezakegun.

"Guztiok gaude etxebizitza lortzeko. Batzuk arrazismoagatik, beste batzuk LGTBIfobiagatik..."

M. S.: Gure helburuak zeintzuk izango diren ezarri behar dugu.

Bambi: Argi dagoena da borroka beharrezkoa dela eta jarraitzeko asmoa dugu.

Zer nolako giroa dago kanpaldian?

M. S.: Oso ona. Ni bakarrik etorri naiz batzutan eta ez naiz bakarrik sentitu, beti egon naiz babestuta.

Bambi: Oso nekatuta egon arren, beti gaude elkar laguntzen eta animatzen. Horrek ere indarra ematen du jarraitzeko.

M. S.: Hemen alde batean utzi ditugu gure ezberdintasunak. Argi dago ezkerrekoak garela, baina berdin dio zein aldekoak. Helburu bera daukagu. Ezkerra beti banatuta dago eta eskuma ez.

"Hurbildu da etxebizitzarik ez daukan jendea, etxea galduko dutenak... eta horrek oinak lurrean jarri dizkigu"

Zuen ikuspegia aldatu da kanpaldia hasi zenetik?

Bambi: Bai, bizipen ezberdinak entzuten ditugu eta horek sentsibilizatzen zaitu. Agian zenbait kontu ez dituzunak zure egunerokoan oso presente agertu dira.

M. S.: Hurbildu da etxebizitzarik ez daukan jendea, etxea galduko dutenak... eta horrek oinak lurrean jarri dizkigu.

Kanpaldia autonomoa da edo beste kanpaldiekin harremana dauka?

M. S.: Autonomoa da, ez dago sindikaturik, ez alderdirik eta beste kanpaldiekin ez dugu harreman handirik. Madrilgo kide batzuk etorri dira hemendik, baina ez dago antolakuntza trinkoa.

Jendearen harrera nolakoa izaten ari da?

M. S.: Elkartasun pilo dago. Jendeak utzi dizkigu gauza pilo. Gatazkak ere egon dira, baina jende gehienak arropa, janaria, mantak, kafea... eman digu.

Bambi: Tabernek ekartzen dizkigute soberan dituzten pintxoak, komunak erabiltzea uzten digute...

M. S.: Niretzat, behintzat, ezuste atsegina izaten ari da. Ez nuen espero.

Bambi: Hala ere, gauez une zailak egon dira, eraso LGTBIfobikoak egon dira. Elkarretaratze TERF -transfoboa- ere deitu dute plazan, baina ez dut ulertzen. Jakina, hemen pertsona trans eta ez bitarrak daude, baina horregatik etxebizitzaren kanpaldiaren kontra egongo dira? Ez dut ulertzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide