Egunero ehunka gazte mugitzen dira Aiaraldetik Leioako Campusera (EHU) ikastera, baina joan-etorriak oztopo handiak dakartza egunerokoan. Gaur egun ez dago eskualdea Leioako unibertsitatearekin zuzenean lotzen duen garraio publikorik, eta egora horrek ikasleak diskriminatuta uzten dituela salatu du berriki sortutako “Aiaraldetik Euskal Herriko Unibertsitatera autobusez” plataformak.
Laudiotik Bizkaiko Campusera heltzeko bi bide nagusi baino ez daude. Lehenengoa garraio publikoa erabiltzea da. Horretarako C3 trena hartu behar dute Bilbora ailegatzeko, eta bertan Leioako Campusera doan Bizkaibusa hartu. Renfeko azkenaldiko atzerapen nahiz intzidentziek, ordea, asko luzatzen dute bidaia. Unibertsitatera garaiz iristeko, ikasleak bi ordu lehenago irten behar izaten dira etxetik gutxienez, garraio-aldaketak eginez eta tren zein Bizkaibusen ordutegiekin jolastuz.
Beste aukera, auto partikularra erabiltzea da. Ikasle gehienek ibilagilua partekatzen dute gasolinaren gastuak elkarren artean ordaintzeko. Familientzat karga ekonomiko handia dakar horrek (gasolina, autobideak...), eta ohartarazi dute logistika zein segurtasun aldetik ere ez dela irtenbide egonkorra, bestelako arazoak eragiten dituela argudiatuta: istripu-arriskuak, gidarien gaixotzeak, eguraldi txarra…
Gurasoen borrokatik plataforma antolatura
Mugimendua gurasoen arteko elkarrizketetatik jaio zen. “Duela 10 urte baino gehiago bazegoen Leioara heltzen zen autobusa, baina zerbitzua kendu zuten”, azaldu dute plataformatik. Azken hilabeteetan 50 gazte baino gehiagoko zerrenda osatu dute zerbitzua bideragarria dela erakusteko.
Hasiera batean autobus pribatu bat kontratatzeko aukera aztertu bazuten ere, 300 euro inguruko kostuak eta erabilgarritasun mugatuak bideraezin bilakatu zuten aukera hori. “Ezin dugu onartu familiei hilean 300 euro eskatzea, are gutxiago ordutegi malgutasunik gabe”, adierazi dute.
“Ezin dugu onartu familiei hilean 300 euro eskatzea, are gutxiago ordutegi malgutasunik gabe”, adierazi dute.
Plataformako kideak eskualdeko hainbat udal zein alderdirekin harremanetan jarri dira konponbide baten bila, erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela gogoraraziz. Laudioko Udalaren kasuan, azaldu dute Ainize Gastaka alkateak hasieratik babestu zuela ekimena. Amurrioko Udalean zein EAJrekin izandako harremanetan, ordea, adierazi dute ez dutela babes zuzenik jaso oraingoz, eta bilerak eta kontaktua existitu badira ere, ez dutela konpromiso zehatzik lortu. Bestalde, Elkarrekin Podemoseko kideen bidez lortu dute eskaera Arabako Foru Aldundian aurkezteko aukera, eta EH Bilduk ere babesa adierazi dio ekimenari.
Plataformak argi utzi du helburua ez dela doako autobus bat izatea, baizik eta Gasteizko ikasleek dituzten dirulaguntza eta autobus publikoen antzeko zerbitzua bermatzea Aiaraldean ere, Arabako zergen bidez finantzatua: “Gure borroka autobusa betirako geratzea da, guztiontzat izatea”.
Bi irtenbide nagusi mahai gainean
Arazoari erantzuna emateko, bi bide nagusi proposatzen dituzte plataformatik konponbide gisa. Alde batetik, gaur egun Ugaoko irteera duen Bizkaibuseko lineak ibilbidea Laudion hasi eta amaitzea. Horrela, maiztasuna handitzeaz gain, bidaia murriztuko litzateke, unibertsitate zentrora zuzeneko konexioa zihurtatuz. Bestetik, Gasteiztik atera eta Leioara doazen autobusak Laudion gutxienez geldialdi bat egitea proposatzen dute.
“Gure borroka autobusa betirako geratzea da, guztiontzat izatea”
Bide horretan, datorren urriaren 20an plataformako ordezkariek bilera izango dute Jon Nogales Arabako Azpiegitura eta Mugikortasuneko PSOEko diputatuarekin eta Laudioko alkatearekin, irtenbide iraunkor bat jasotzeko asmoz. Izan ere, erantzun eza eta ziurgabetasuna salatu dute plataformatik: “Badirudi ez garela ez Araba ez Bizkaiaren parte, baina Euskadiren parte gara, eta ezin gaituzte alde batera utzi”. Euren iritziz, “berdintasunaren printzipioa sartzen da jokoan; ezin dira ikasleak diskriminatu bizi diren lekuagatik; are gutxiago lurralde berean bizi direnean”.
Informazio gehiago jasotzeko edo ekimenarekin bat egiteko, autobuslaudioleioa@gmail.com helbidea jarri dute herritarren eskura.