Oreinen orroak azken egunetan daude Gorbeiako inguruetan

Aitor Aspuru Saez

Oreinen marrualdia amaitzear dago jadanik eta ugalketa sasoiaren irudi batzuk hartu dituzte eskualdeko naturazale batzuek.

Orroaldi edo marrualdi gisa ezagutzen da oreinen ugalketa sasoian gertatzen dena. Izan ere, orein arrak Gorbeiara bertaratzen dira Bizkaiko eta Arabako inguruetatik, emeekin ugaltzeko asmoz. 

Edonola ere, hori egiteko eta bere material genetikoa oinordeko gisa uzteko prest dauden beste oreinak uxatu edo menderatu behar dituzte lehenik eta behin. 

Enrique Arberas biologoak azaldu duenez, marruak horretarako dira. Orroen bitartez ar batzuk beste batzuk kikiltzen eta urruntzen saiatzen dira, eta neurri horiek eraginkorrak ez direnean, zuzenean borrokatzen dira, adarrekin talka eginez. 

Arberasek ohartarazi du adarrek zauriak eragiten dituztela eta egun hauetan liskar horien markak ikus daitezkela zuhaitzetan, non enbor azalak zuritzen eta apurtzen dituzten.

Post by @aiaraldea@tkm.eus
View on Mastodon

Horrek guztiak arriskutsua bilakatzen du mendia eta, berez, debekatua dago orroaldiaren zonaldeak zeharkatzea egun horietan.

Emeek euren portaera aldatzen ez duten bitartean, arrentzat prozesu latza da, marrualdiak iraun bitartean ez baitute ia jaten, eta horri gehitu behar zaio zauritzeko aukerak daudela.

Biologoak nabarmendu du, halaber, euriak baldintzatzen duela marrualdiaren iraupena: "Ura oreinen bizkarrean eroriz gero, gehiago luzatzen da".

Oreina, XIX. mendean desagertua

Enrique Arberas aiararrak gogoratu du oreinak XIX. mendean desagertu zirela Gorbeian eta 1957an ekarri zituztela berriro. ICONAk egin zuen. Quintos de Mora lursailetik Altubeko egokitzapen gune batera eraman zituzten eta egun, biologoaren arabera, 400 ale edo gutxiago daude Araba eta Bizkaia artean, gehiago lurralde arabarrean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide