Gehienak beste hainbat musika taldetan aritu zarete. Nola sortu zen batu eta elkarrekin proiektu berri hau sortzeko ideia?
Amanda: Ni eta Taki beste bi talde sortzeko saiakeretan egon ginen, ez zirenak ondo atera…
Diego: Horrek ez du esan nahi hau ondo atera denik (barreak).
Amanda: Beno, behintzat… Justo Diego eta Mandrilekin hitz egin nuen beste zerbait egiteko, eta Takiri ere galdetu nion batu nahi zuen.
Jessi: Niri Mandrilek esan zidan talde bat sortuko zutela eta batu nintekeen galdetu nion, batez ere lagunak direlako eta askotan kostatzen zaigulako elkarrekin denbora pasatzea, eta taldearekin aitzakia bat dugu elkar ikusteko eta tarte bat elkarrekin pasatzeko.
Zer da proiektu berri hau aurretik izan duzuen beste batzuetatik ezberdintzen duena?
Diego: Adina (barreak).
Jessi: Niretzat badago ezberdintasun handi bat: zaintza lehenesten dela sentitzen dudala. Denak ondo egotea, zer moduz gauden galdetzea elkarri, kontzertuaren ostean nola sentitu garen hitz egitea… Zaintza nahiko presente dago.
Musikari dagokionez, nahi duguna egiten dugu.
Diego: Ni beti egon naiz halako taldeetan: lagunak, familia, erabateko intimitatea, gustura egoteko eta egiten dugunaz gozatzeko, espektatiba gehiagorik gabe.
“Gure helburua ez da musikari onak izatea, elkarrekin ondo egotea eta ondo pasatzea baizik, eta baita gure ideologia transmititzea. Leku guztietara eramaten dugu politika”
Elkarren arteko konfiantza horrek nola eragiten du sormen prozesuan?
Mandril: Aurretik izan genuen beste talde batean Jessi bira erdian joan zen. Hemen ez litzateke halakorik gertatuko.
Diego: Elkar ezagutzen dugu eta badugu gure beharren berri. Gure katxearen barruan sartzen da goiz jotzea gero gure haurrak edo txakurrak zaindu ahal izateko.
Amanda: Nahiko ondo moldatzen gara, ez gara txikikerietan tematzen. Zaila ere bada, sei pertsona garelako. Nik inoiz ez dut horrenbeste jenderekin jo. Baina hala ere oso ondo dago, dena iruditzen zaigulako ondo uneoro.

Hori kontuan izanda, nolakoa izaten da sormen prozesua?
Mandril: Abesti batzuk lokalean egin ditugu. Batzuk bertsioak dira. Gure letretako bat Aiaraldeko emakume batek egin du, Karmele izenekoa, ez duguna ezagutzen.
Diego: Aiaraldeko mendiak bizirik! plataformako kideek eginiko erakusketa batean ikusi genuen bere olerkia, gustatu zitzaigun eta abestia egitea erabaki genuen.
Jessi: Batzuetan letra bat eramaten dugu lokalera eta musika ateratzen dugu bertan, eta beste batzuetan alderantziz. Egia da sormen prozesuaren garapena zaila dela, sei pertsona garelako, bakoitza bere kontu, militantzia eta lanekin, eta kostatzen zaigu denbora nahikoa ateratzea horretara bideratzeko.
Baina gero, zerbait eramaten dugunean lokalera, erraz lortzen dugu denon artean izaera ematea, letra bati musika jarriz edo alderantziz.
Amandak esan duen bezala, ez gabiltza txikikeriekin tematuta. Gure helburua ez da musikari onak izatea, elkarrekin ondo egotea eta ondo pasatzea baizik, eta baita gure ideologia transmititzea ere. Leku guztietara eramaten dugu politika. Letra batzuk oso intimoak dira, sentimendu eta emozioez hitz egiten dute. Beste batzuk, aldiz, politikoagoak dira.
“Goazen tokietan dugun egoteko moduak ere dauka garrantzia: gauzak erraz jartzea antolakuntzan dagoen jendeari, beste taldeei… ikuskizuna apur bat sinplifikatzea”
Diego: Guztiak gatoz punketik, eta horrek eragin gehiago izan du jarreran soinuan baino. Ez gara musikari onak ez ezer, baina jarrera hor dago.
Mandril: Goazen tokietan dugun egoteko moduak ere dauka garrantzia: gauzak erraz jartzea antolakuntzan dagoen jendeari, beste taldeei… ikuskizuna apur bat sinplifikatzea.
Diego: Sorkuntzari dagokionez, nahiko primitiboa edo xumea da gurea. Ni oso gustura nago, jotzeko talde errazena delako.
Amanda: Apur bat alferrak ere bagara (barreak).
Mandril: Gure alboko entsegu lokalekoek esan izan dute: Joe, hauek 20 urte daramate jotzen, eta geroz eta txarrago (barreak).
Jessi: Baina gero nik askotan kontzertuetan faltan botatzen dut guk transmititzen duguna. Musikalki soinua oso ona izan daiteke, musikari oso onak daude, baina sentimendua, amorrua, kontzertu bat sentimendu eta sentsazioen bidaia bat izatea... nik askotan faltan botatzen dut hori, eta hori badaukagu. Ez gara musikari onak, baina bai intentsuak…
Amanda: …onerako eta txarrerako (barreak).

Nagusi sentitzen zarete gaur egungo musika panoraman?
Jessi: Bai.
Diego: Punka, hardcorea… uste dut vintage eta retroa-a direla dagoeneko. Kontzertu batera goaz eta gazteenek 35 urte dituzte.
Mandril: Ni zaharra ez, nire garaikoa sentitzen naiz.
Diego: Gure arteko txantxa bat da adinarena. Nik bai sentitzen dut kontzertuetan batzuetan jendea dagoela musika-hari bat entzuten egongo balitz bezala. Niri gehiago interesatzen zait 20 minutuko kontzertu bat sentsazioak transmititu eta nire aurpegia kolpatzen duena. Nahiago dut hori ordu eta erdiko emanaldi bat ikustea baino, zeinetan batzuk mugikorra begiratzen dauden, edo elkarrekin hitz egiten. Hori gustatu zait beti punketik eta hardcoretik: emozioak eta bestelako kontuak plazaratzea. Hori da nire sentitzeko modua musikari dagokionez.
Nola baloratzen duzue orain arte eginiko ibilbidea?
Mandril: Ondo, nahiko anitza izan da. Bilboko Aste Nagusian aritu ginen iaz, Garrastatxun, Orbekon, Errekaleorren, Astikan, Gurdi gaztetxean…
Diego: Konfiantzazko eta gertuko espazioetara joan gara beti. Guk ez dugu kontzerturik bilatzen, lagunek eta ezagunek deitzen gaituzte.

Eta zein asmo dituzue aurrera begira?
Jessi: Badugu grabatzeko asmoa, baina zaila egiten zaigu seiok elkartzea. Kontzertuei dagokionez, beste esperientzia batzuekin alderatuta, ni oso gustura nago formatu honetan. Nik ez dut Alemaniara joan nahi toki batera jotzera zeinetan ez dudan inor ezagutzen. Formatu hau oso erosoa egiten zait: gertuko jendearentzat jotzea, proiektu politikoetarako… horrela gustura nago.
Diego: Gure funtzionatzeko moduaren parte da hori. Kausa edo proiektu baterako jotzea da gehien motibatzen gaituena.
Mandril: Jada sortzen zaizkigun aukerak dira ondo asumitu ahal ditugunak. Garrantzitsua da guztiontzako, baina ez da lehentasuna.
Gustatzen zaigu elkartzea, baina gero zaila da dena enkajatzea eta lehentasunen lehen postuetan jartzea.
Jessi: Izan ditugu krisiak, batzeko genituen zailtasunengatik. Planteatu dugu taldea uztea, baina erabaki dugu ezetz, oso baliagarria delako guretzako espazio bat izatea. Oso geldo joan behar bagara eta hilabetean bitan entseatzera mugatu, ba horrela egingo dugu, baina behintzat espazio hori mantenduta, elkartzeko eta elkarrekin egoteko.
Guk ez dugu ezer eskatzen, baina ez dut nahi ezta zerbait eman behar izatea, gure emozio guztitik harago.
Diego: Niretzat ere garrantzitsuagoa da jarraikortasun bat izatea elkar ikusteko. Terapia bat da jo eta elkarrekin egotea. Nik nigatik ez nuke kontzerturik emango, zoriontsua izango nintzateke entseatze hutsarekin.
Gustatuko litzaiguke maketa xume bat grabatu eta lau kamisetatxo ateratzea, punkean beti egin den bezala. Murtziara iristen bagara kontzertu bat ematera jada taldea disolbatu dezakegu (barreak).

Jessi: Garrantzitsua iruditzen zait presente izatea punka kontu politikoa dela. Ez gatoz kontzertuetara gure buruak erakustera. Nahiago dut jendeak gaizki jo baina konpromiso bat izatea, oso ondo jo baina gauza asko eskatzea baino. Guri ere gertatu zaigu antolatu ditugun kontzertuetan etortzea taldeak ilargia eskatzen. Kontzertuak antolatzen dituzten pertsonak ere zaindu behar dira, boluntarioak direlako, antolatzen diren gauzek helburu politiko bat dutelako eta ateratzen den dirua borroketara doalako.
Batzuetan sentitzen dut hori galtzen ari dela, zaila dela izaera hori mantentzen duten taldeak topatzea.
Mandril: Espazioak ez dira toki bat zure kontua egin eta desagertzeko, espazioen parte izan behar gara, bakoitza bere tokitik.