Arimen Gaua eta Halloween: Erro berak, baina ez gauza bera, Aiaraldean hurrengo astean agerian geratuko den moduan

Aitor Aspuru Saez

Laudion duela bi urte eginiko edizioaren irudi bat. / Aiaraldea.eus

Urriaren 31 ate joka dago jadanik eta Arimen Gaua, Halloween eta Domu Santuaren bezpera ospatuko dituzte egun horretan eta aurrekoan Aiaraldean.

Urriaren 31k esanahi eta adierazpen anitzak ditu eskualdean eta guztiek izango dute tokia laster. Izan ere, erlijio katolikoak Arimen Gaua edo Gau Beltza irentsi zuen sinkretikoki eta beste ospakizun batzuekin egin bezala (udako solstizioa San Joan bilakatuta, adibidez), Domu Santu Eguna ezarri zuen, hildakoak oroitzeko.

Arimen Gauak edo Gau Beltzak, aldi berean, Halloween-ekin ere harreman estua dauka: Natura udaberrira arte lokartzen edo hiltzen dela ospatzen dute biek eta heriotza erdigunean jartzen dute, baina modu ezberdinetan azaleratzen da batean eta bestean.

Izan ere, ikus-entzunezko produktuak baliatuta (umeentzako telesaioak, filmeak...), hegemonia kultural kontsumista estatubatuarrak bere lege koloniala ezarri du Aiaraldeko kaleetan ere, eta erositako beldurrezko mozorroak eta plastikozko edozein formako apaingarriak eramatea zein goxoki azukredunak biltzea ohitura bilakatu ditu azken urteotan, Halloween-en bitartez.

Inbasioak, dena den, bira bitxia izan du eta balio izan du aldarrikatzeko jai hori jadanik existitzen zela Euskal Herrian, beste ezaugarri eta praktika batzuekin: etxean egindako mozorroekin edota kalabaza hustuekin (sasoiko fruitu horretan kandela bat jarrita). Izan ere, heriotza, benetakoa edo sinbolikoa izanda ere, beldurra sortzen du eta horrek jolaserako eta izutzeko tartea ematen du, umeekin gehienbat.

Halloween-en inbasioak, dena den, bira bitxia izan du eta balio izan du aldarrikatzeko jai hori jadanik existitzen zela Euskal Herrian.

Denak Aiaraldean

Jakina, dena ez da zuria ala beltza. Griserako tarteak ere badaude adierazpen kultural horien artean, eta zaila da egingo diren ekintza batzuen eta besteen artean marra argia marraztea. Halaber, batean zein bestean parte hartuko dute askok, gehienbat haurrentzako gozamenerako antolatzen direlako gehienak. Eta Domu Santu Egunarekin ez bezala, zeinen hausnarketa eta oroimena diren ardatza, Arimen Gaua eta Halloween beldurra eta dibertimenduaren soka estuaren gainean dantzatzeko daude.

Dena den, azaroaren 1ean, adibidez, Domu Santu Eguna familian edo banaka ospatu ahal izateko hilerria irekita egongo da 24 orduz zenbait tokitan, Urduñan, kasu.

Taldean bizitzeko, aurreko egunetan eskulan saioak prestatuko dituzte umeekin hainbat tokitan: Luiaondon 23an 18:00etan Ludotekan kamiseta beldurgarriak egiteko 2 euroren truke. Artziniegan 24an 10 urtetik gorakoentzako tailerra deitu dute hariz egindako apaingarriekin gela atontzeko.

Orozkoko Gaztetxokoak jaia iragarri du 30ean plazan 18:00etatik aurrera. Egun berean Okondon liburutegian tailerra egingo dute bost urteko umeentzat, zeinetan parte hartzeko izena aurretik eman beharko den. Horrez gain, Arespalditzan hilaren 31n zintzilikarri beldurgarriak sortzeko tailerra egongo da,2 euroren truke.

Griserako tarteak ere badaude adierazpen kultural horien artean, eta zaila da egingo diren ekintza batzuen eta besteen artean marra argia marraztea.

Urriaren 31n Amurriok arratsalde osoko jarduerak hartuko ditu 17:30etatik aurrera. Ihes gela egongo da Gaztelekuan eta plazan tailerrak, txokolate jana, txaranga, photocalla eta DJa umeentzat. Helduentzat Despistados txarangak eta DJ Varrok girotuko dute herria gauez ordu txikiak heldu arte.

Egun berean Okondo Begirak karaokea egingo du 19:30ean Los Amigos del Swing taldearekin eta Aretan ere jai handia antolatu dute. Arratsaldean hainbat establezimendutan tailerrak egingo dituzte haurrekin eta musika, txokolate jana eta ipuin kontalaria egongo dira. Horrez gain, altxor bilaketa ere egingo dute ume nagusienentzat.

Arrankudiaga-Zollon ere ez dute kale egingo eta 19:00etan jolasak eta beldurraren pasartea prestatuko dute.

Arimen gaua

Horrez gain, euskal ohiturak lehen lerrora eramateko apustua egingo dute Urduñan eta Laudion hurrengo astean, euskarazko ekintzak prestatuta 30ean eta 31n, bestealk beste. 

Aurretik, Urduñako Udalak ere ia astebeteko programa prestatu du haurrentzat. Urriaren 26an hasiko da egitaraua, Alondegian, 17:00etan, poltsak kustomizatzeko tailerrarekin. Hurrengo egunean, toki berean, kandelak egiteko bi saio izango dira, 17:00etan eta 18:00etan. Asteazkenean kondairen ipuin-kontaketa egongo da 19:00etan Harresian eta ostegunean Loraldik sukaldaritza tailerra antolatuko du 17:00etan eta 18:00etan. 

Edonola ere, larunbatean euskal ohiturak oinarri hartuta ekingo diote Arimen Gaua ospatzeari. Lehenik eta behin, norberak bere maskara eta mozorroa prestatzeko beta izango du 18:00etan Miren Zubiagaren laguntzaz Urduña Museoko plazan. Horretarako oihal edo izara zaharrak eraman behar dira.

19:00etan plaza horretatik abiatuta eta linterna eskuan ibilbide beldurgarria egingo dute, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak antolatuta, eta amaitzeko, txokolate eta gaztain erre jana egongo da.

Aurreko egunean, urriaren 30ean, Laudion, trapu zaharrekin egindako mozorroak erabiltzera gonbidatuko dituzte parte-hartzaile guztiak 18:00etan, kondairak, makillajea eta beldurrezko eskulanak egongo baitira ordu horretan. 19:30ean beldurrak uxatzeko kalejira egingo dute eta dantzaldia, errituala, musika eta txokolate jana eskainiko dituzte gero, Herriko plazan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide