Aiaraldea Komunikabideak antolatzen duen Udariklik argazki lehiaketaren aurtengo edizioa bukatu da jadanik. 72 irudi bidali dituzte parte hartzaileek eta Janire Usategik eta Julen Zubietek hautatu dituzte bi kategorietan irabazleak.
Aiaraldeko argazkien kasuan, Janire Usategi JARE Photographyko arduradunak Gorbeialdeko marrualdia lanaren alde egin du. Amurrioarrak azaldu du argazkilaritzan deitzen den une erabakigarria harrapatzea lortu duela Aritz Andak (oreina orro egiten hartu du bete-betean) eta argazkiaren simetria ere goraipatu du. Irabazleak Ondarruko Arrigorri Ostatuan bi pertsonentzako asteburuko bazkaria izango du.

Eskualdetik kanpo hartutako irudiei dagokienez, Julen Zubiete zinemagileak Iñaki Sanchez Ciarrustaren Itzalpean izeneko lana aukeratu du. "Gainerako azrgazkiek postal izaera (leku politak) handiagoa dute baina honek badu argazkiaren atzean egon daitezkeen istorio posibleak imaginatzeko gonbidapen moduko bat. Udaren argiaren itzalpean egon daitezkeen istorioak. Niretzako irudirik estimulanteena izan da, misteriorako aukera pizten duena", argitu du orozkoarrak. Sobron Aventuran sei pertsonentzako abentura esperientzia jasoko du garaileak sari gisa.

Bazkideen artea Hau gosea! Josune Bidarteren argazkia izan da boza gehien jaso dituena eta Amurrioko Abiaga Jatetxean bi pertsonentzako eguneko menua izango da saria.
Hurrengo egunetan Aiaraldea Komunikabidea jarriko da harremanetan irabazleekin.