RAFAEL VALDIVIELSO URRESTI

“Gorobel Ibilaldiko sukarra kutsatu dugu Ipar Euskal Herrian”

Aimar Gutierrez Bidarte

Rafael Valdivielso Urresti atzean urdinez jantzita, Ipar Euskal Herriko mendizale gehiagorekin iaz Amurrion. / R.V.U.

RAFAEL VALDIVIELSO URRESTI (Biarritz, 1948) Baionako Auñamendi Elkarteko kidea da. Urteak daramatza Gorobel Ibilaldian parte hartzen; Ipar-Euskal Herriaren eta Aiaraldearen arteko zubiak eraikiz.

Urteak dramazue Gorobel Ibilaldian parte hartzen, nola izan zenuten martxaren berri?

Ni Auñamendi Mendi Taldeko kidea naiz. Baionako kluba da, 1972an sortua, Ipar Euskal Herriko lehen mendi taldea izan zen.

Klubeko egoitzan posta bidez jaso genuen Gorobel Ibilaldiko kartela 1980ko hamarkada hasieran. Hemen Baionan badira arabar gutxi batzuk eta haiei galdetu nien. Pitxi gasteiztarra nirekin batera Amurriora bidaia egitera animatu zen. 

Egun bat lehenago iritsi ginen eta Urduñan hartu genuen ostatua. Ez genuen inor ezagutzen bertan. Martxaren egunean egundoko hotza egiten zuen, dena zegoen izoztua. Orotariko eguraldia ezagutu dugu Gorobel Ibilaldian baina lehen urte hartako hotza ez dut inoiz ahaztuko. Motxila oso astunekin egin genuen martxa, eta antolakuntzako kide batek amaitzeko gai izango ez ginela esan zigun bideko kontrol batean. Mendizaleak ginen eta bagenekien bukatzeko gai ziango ginela, eta noski bukatu genuela! Lagunari babak atera zitzaizkion oinetan baina bukatu genuen (barreak). Bereziki gogoan dut oso ondo artatu gintuztela Goizale Aterpean.

Orduz geroztik urtero izan dira ipar-euskal herritarrak Gorobel Ibilaldian.

Lehenengo urte hartan bi lagun bertaratu baginen hurrengoan hamar izan ginen Ipar Euskal Herritik Amurriora hurbidlu ginenak. Geroztik urtero urtero errepikatu dugu, eta arraroa izan da hamar lagun baino gutxiago elkartu garen edizioa. Edizioren batean Ipar Euskal Herriko talde gehiago ere izan dira bertan. Behin Ainhoako Atxulai taldeko 30 lagun autobusez etorri ziren. Gorobel Ibilaldiko sukarra kutsatu dugu Ipar Euskal Herrian nolabait (barreak).

Harreman estua egingo zenuten Mendiko Lagunak taldeko kideekin.

Beti egin digute harrera beroa Amurrion. Bezperaz egiten genuen bidaia herrira eta askotan pilotalekuan atondu digute lo egiteko tokia. Harreman oso estua garatu genuen Mendiko Lagunak Taldearekin; martxaren aurretik afaria egiten genuen denok batera. garaia bateko kideen seme-alabek egiten digute harrera orain, hori oso polita da. Sortutako harreman estu horrek Ipar Euskal Herrira eraman ditu ere Mendiko Lagunak taldeko kideak. Askotan etorri dira gure mendietaz gozatzera eta Maskarada bat edo beste ikustera. Gure klubak aterpea du Bidarrain, eta noizbait ibilaldiren bat antolatu dute bertatik abiatuta.

Hain da estua gure harremana, ezen erretiratu nintzenean Marokora egin nuen bidaia Mendiko Lagunak taldekoekin.

Zer du bereiza Gorobelek?

Zonaldea izugarria da. Oso gauza interesgarriak ditu Gorobel mendilerroak: loberak, Nerbioiko ur-jauzia, artaldeak… Eguraldia ere oso aldakorra da, batzutan elurra, bestetan lainoa… mendi-giroa erabat.

Aurten etortzeko asmoa duzue?

Bai noski! Izena emanda gaude dagoeneko, eta aurten ere hamar lagun inguru hurbilduko gara Gorobel Ibilaldira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide