GERVASIO SANCHEZ FERNANDEZ

“Gerrak amaitzeko, armagintzaren negozioarekin amaitu behar dugu”

Garazi Cuadra Alvarez

Gervasio Sanchezen Activistas por la vida argazki erakusketa urriaren 7an ireki zen. Urduñako museoan abenduaren 13ra arte dago ikusgai eta Amurrioko La Casonan, berriz, urriaren 30era arte. / Aiaraldea.eus

GERVASIO SANCHEZ FERNANDEZ (Kordoba, 1959) gerrako erreportari eta argazkilari kordobarra da. Munduko hainbat gatazkaren berri eman du, besteak beste, Latinoamerikan, Golkoko gatazkan eta Bosnian. Bere lanaren bidez, gerraren ondorioak erakusten ditu, bereziki pertsonen sufrimendua, indarkeria eta giza eskubideen urraketak. Ibilbidean hainbat sari jaso ditu, 2009an Espainiako Kazetaritza Sari Nazionala, esaterako.  

Zure lanik ezagunenak gerrari lotuta daude. Orain, ordea, Urduñara eta Amurriora “Activistas por la vida” lana aurkeztera zatoz, bizitza defendatzen duten pertsonez hitz egitera. Zor moralik sentitzen duzu zure objektiboaren aurrean izan dituzun pertsonekiko?

Unibertsitatean nengoela, behartutako desagertzeei buruzko proiektu batekin hasi nintzen. Amnistia Internazionalean militatzen nuen, eta Guatemalan eta El Salvadorren giza eskubideen urraketei buruzko txostenak irakurtzen nituen. Orduan konturatu nintzen desagertutako pertsonen auzia edozein gatazka armaturen drama nagusia zela.

“Desagertutako pertsonen auzia edozein gatazka armaturen drama nagusia da”

Gerra amaitzen denean, zaurituak sendatzen dira, hildakoak lurperatzen dira eta suntsitutako etxeak berreraikitzen dira. Gaza ere berreraikiko dute, Kabul berreraiki zuten bezala edo Ukrainako ekialdeko zenbait lekutan egin duten bezala. Gerrak 20 urte iraun arren, hiriak berreraiki daitezke. Baina zer gertatzen da desagertutako pertsonekin?

Hor dago arazoa. Gerra bat ez da amaitzen Wikipediak amaitu dela esaten duenean, haren ondorioak gainditzen direnean amaitzen da. Orduan konturatu nintzen epe luzeko ikuspegia ezinbestekoa zela gerra bat behar bezala kontatzeko, batez ere gerratik urrun bizi den eta haren benetako ondorioak ezagutzen ez dituen publikoari.

1995. urtean, Balkanetako eta Afrikako hainbat gatazken berri eman ondoren, gerraren alderik mediatikoena erakusteaz nekatu nintzen, eta ulertu nuen hildakoak, zaurituak eta bonbardaketak erakustea ez zela nahikoa.

Horregatik, 1995. urtetik aurrera, epe luzeko proiektuak egiten hasi nintzen. Horietako bat Vidas Minadas izan zen, pertsonen aurkako minek eragindako biktimen inguruko lana. Hasieran, proiektuaren lehen zatia baino ez zen izan, baina 30 urteko ibilbidea egin du, eta oraindik ere aurrera jarraitzen du.
Bakea zer den galdetzen badizut, ziurrenik definitzeko gai izango zara. Baina ba al dakizu gerra zer den? Munduan badago bakea zer den ez dakien jendea. Noiz gainditzen dira gerra baten ondorioak? Espainiako Gerra Zibila hasi zenetik 90 urte igaro dira, eta oraindik desagertutako pertsonak bilatzen jarraitzen dugu.

“Gerra bat ez da amaitzen Wikipediak amaitu dela esaten duenean, haren ondorioak gainditzen direnean amaitzen da”

"Activistas por la vida” erakusketan, hamarkada luzez ezagutu dituzun pertsonak ageri dira. Zer erakusten dute haien istorioek gerraren ondorioei eta bizirik irauten dutenei buruz?

Argazki hauetan duela 40 urte ezagutu nituen pertsonak ageri dira eta pertsona horiek, gaur egun, gerrarekin zerikusirik ez dutela iruditu arren, lotura zuzena dute harekin. Guatemalako gerrak 36 urte iraun zuen, eta bake-akordioak sinatu zirenetik hamarkadak igaro badira ere, gerraren ondorioek jarraitzen dute. Aktibista ekologistek, esaterako, mehatxuak eta jazarpena jasaten dituzte.

Megaproiektu horiek Europako, Estatu Batuetako, Txinako eta Errusiako enpresek finantzatzen dituzte, tartean, Europar Batasuneko zenbait enpresak ere parte hartzen dute. Egoera horren berri eman behar da. Biktimak babesteko eta gertatzen ari dena salatzeko modu bakarretako bat pertsona horiei izen-abizenak jartzea da, haien istorioak aurpegi eta ahots zehatzekin kontatzea.

Leku horietara joan behar dugu, tragedia honen atzean dauden pertsonak ezagutarazteko eta milaka kilometrora bizi direnei bertan gertatzen ari dena erakusteko. Helburua argia da: inork ez dezala inoiz esan “Ez nekien hau gertatzen zenik”.

Niretzat, oso garrantzitsua da horrelako istorioak kontatzea, pertsona horiek direlako benetako heroiak. Vidas Minadas lanean agertzen diren protagonista guztiak nire familiaren parte direla sentitzen dut, albokoaren minarekiko enpatia izaten erakutsi didate, pertsona kritikoagoa eta, batez ere, autokritikoagoa bihurtu naute. Lehenik, norberak bere buruarekin kritikoa izan behar du; ondoren, besteekin.

Zure argazkien bidez gerren ondorioak erakusteaz gain, gatazka horiek sostengatzen dituzten botereei ere begiratzen diezu. Zer neurritan dago gerra ulertzea haren atzean dauden interes ekonomikoak ulertzearen mende?

Gerrak amaitzeko, armagintzaren negozioarekin amaitu behar dela ulertu behar dugu. Nazkatuta nago erakundeek nazioarteko lankidetzaz eta trantsizio ekologikoaz hitz egiten duten bitartean armen ekoizpena eta salmenta diruz laguntzen jarraitzeaz. Helburu horietarako aurrekontu handiak iragartzen dituzte, baina, aldi berean, armagintza babesten dute. Euskal enpresek ere hala egiten dute, eta publikoak horren berri izan behar du.
Ukrainiako gerra nork ordaintzen duen galdetuta, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako armamentu-enpresek ordaintzen dutela erantzungo nuke. Espainiako armen salmentak gora egiten jarraitzen du, baita Euskadiko enpresenak ere, eta oraindik gobernu progresistena dugula esaten jarraitzen dugu. 

Gerrak amaitzeko, armagintzaren negozioarekin amaitu behar dela ulertu behar dugu.

Gainera, komunikabide gehienak lotura lotsagarriak dituzte kazetaritzarekin zerikusirik ez duten botereekin. Hala ere, kazetaritzan sinesten jarraitzen dut, eta nire istorioak komunikabideetan argitaratzeko borrokatzen dut. 

Politikari dagokionez, gogor egiten dut politikari guztien aurka, nekatuta nago gertatzen diren egoeren inguruan sortzen dituzten kontakizunez. Orain, Mari Carmen, kaleratutako emakumea, gure heroi bihurtu da. Sanchezek zortzi urte eta lau hilabete daramatza gobernuan, eta, denbora horretan, 289.000 kaleratze izan dira. Non zegoen orduan herri honen kontzientziaren ahotsa? Non zeuden euskaldunak kaleratzeen aurka borrokatzen? Ez zeuden.

Fotokazetaritzak dilema etikoak sortzen ditu. Non dago sufrimendua dokumentatzearen eta hura ikuskizun bihurtzearen arteko muga? 

Imajinatu Balkanetako errepide batean, Afrikan edo Latinoamerikan zoazela eta autobus irauli bat aurkitzen duzula, bortxatuak izan diren dozenaka emakume eta neska gazteren gorpuak dituena. Zer egingo zenuke?

Nik forentse baten moduan jokatuko nuke. Dena argazkiz dokumentatuko nuke: gorpuen posizioak, aurpegiak, lehen planoak eta xehetasun guztiak. Gertatutakoa ikusizko dokumentuen bidez erakutsi behar bada, ahalik eta dokumentazio osatuena egin behar da, azken lekukotza izan dadin.
Horrek ez du esan nahi argazki guztiak argitaratuko nituzkeenik. Gerra-krimen baten frogak izan daitezke, eta egileen aurkako ikerketan lagungarriak. Horregatik, argitaratzeko irudi bakar bat aukeratuko nuke, emakumeen aurpegiak erakutsi gabe, eta gainerako argazkiak gordeko nituzke, frogatzat erabili ahal izateko.

Gerra baten erdian ez dago etikari eta moralari buruzko eztabaidarako denborarik. Ume soldaduekin egindako lanean, adibidez, batzuek kontatu zidaten lehen eginkizuna gurasoak hiltzea izan zutela. Horietako bati galdetu nion zergatik ez zuen uko egin. Erantzun zidan bazekiela, hala egin ezean, gurasoak hilko zituztela eta bera ere hilko zutela. Beste haur soldadu batek, berriz, bere aita hiltzeari uko egin zion, baina, ondoren, bere bizitzarekin amaitu zuten eta baita bere gurasoen bizitzarekin ere. 

“Erabakiak segundo batean baino gutxiagoan hartu behar izaten dira”

Zer nolako lezio etiko eta moralak emango dizkiegu haur horiei? Ez zuten aukeratzeko askatasunik, bizirik irautea zuten helburu. Halako egoeretan, erabakiak segundo batean baino gutxiagoan hartu behar izaten dira.

Horregatik, gure lanean ezin dugu etikari eta moralari buruzko eztabaidaren atzean ezkutatu. Gerra bera da inmorala eta gizakiaren alderdirik okerrenak azaleratzen ditu. Gertatutakoa erakusten ez badugu, nazien kontzentrazio-esparruetako sarraskiak ez lirateke argazkietan jasota geratuko, eta jende askok ez luke sinetsiko benetan gertatu zirenik.

Beraz, zer egin behar dugu? Eztabaida etiko eta moraletan sartu, milaka kilometrora dagoen norbaiten bazkaria ez izorratzeko? Pertsona horri ez zaio axola, edo oso gutxi axola zaio gertatzen ari dena.

“Gure lanean ezin dugu etikari eta moralari buruzko eztabaidaren atzean ezkutatu. Gerra bera da inmorala”

Kevin Carter argazkilariaren kasuak eztabaida handia sortu zuen: goseak jota zegoen haur baten atzean putre bat ageri zen haren argazkian. Zure ustez, zergatik jarri zen arreta argazkilariaren jokabidean, Sudaneko gosetearen errealitatean baino gehiago?

Kevin Carter argazkilari bikaina zen, baina droga-arazoak zituen, ez dut uste argazki hura ateratzeak bere buruaz beste egitera eraman zuenik. Haurra bizirik atera zen, gainera. Sudanen haren inguruko erreportaje bat egin zuten lagun batzuek.

Argazkiaren inguruan sortutako eztabaida oso sinplista iruditu zitzaidan. Jendeak galdetzen zuen Carter nola izan zitekeen gai haur baten ondoan putre bat zegoela argazkia ateratzeko, haurra lagundu beharrean. Baina putreak han zeuden errefuxiatuen esparru batean jendea gosez hiltzen ari zelako. Putreak sarraskietara hurbiltzen dira, baita hilzorian dauden pertsonengana ere.

Argazki hark Sudaneko gosetearekin amaitzen lagundu behar zuen. 1995. urtean eta 1998an Sudanen egon nintzen, eta jendea nola hiltzen zen ikusi nuen. 2026an ere jendea gosez hiltzen ari da Sudanen. Non dago nazioarteko komunitatea? Non daude arazo horiek konpontzeko ardura duten gobernuak?

Zer eskatzen diogu argazkilari bati? Haurra hartu, poltsikoan sartu eta salba dezala? Baina gero ez gara gai gure sofatik altxatzeko eta Espainiako, Euskal Herriko edo Europako gobernuei Afrikako gosetearekin amaitzeko zer ari diren egiten azalpenak eskatzeko. Eztabaida ez litzateke izan behar Kevin Carterrek haur hura salbatu behar zuen ala ez. Benetako galdera hau da: zer egin dugu Sudaneko gosetearekin amaitzeko?
Duela egun gutxi, lagun bat Somaliatik itzuli zen, eta goseteari buruzko argazkiak erakutsi zizkidan. Duela 30 urte nik ateratako argazkien egoera bera ikusi nuen. Arazoa ez da desagertu, eta hori kezkagarria da.

Arturo Pérez-Reverterekin lan egin duzu, gerrako erreportarien irudi heroikoa eraiki duen kazetarietako batekin. Gerrako kazetariaren figura mitifikatu egin al da?

Kazetariaren lana ez da heroia izatea, errealitatea kontatzea baizik. Arturo telebistako pertsonaia ezaguna da, eta gerrako kazetaritzaren irudi pertsonal bat sortu du. Lagun onak gara, oso gatazkatsuak diren lekuetan elkarrekin lan egin dugulako.

Ez ditut gustuko haren inguruan esan diren gauza asko, herrialde honek duen akats handienetako batekin zerikusia dutenak: inbidiarekin. Esatera iritsi zaizkit Arturok Kroaziako gatazkan, Vukovarren —gerrako lekurik gogorrenetako batean—, elkarrizketak egiten zituen bitartean tiroketak edo bonbardaketak egoteko ordaintzen zuela. Hori absurdoa da, leku hartan bonbak etengabe erortzen zirelako.

Beste gauza bat da elkarrizketa bat egiteko bonbardaketa bat noiz gertatuko den zain egotea. Hori legezkoa da. Bonbak etengabe erortzen ari diren eremu batean zaudenean, elkarrizketa isiltasunean egin beharrean, tiroketak dauden unean egin dezakezu, egoeraren berri emateko eta gerraren erdian nola bizi den erakusteko. 

Arturori, asko gustatzen zaio probokatzea. Badira ados ez gauden kontuak, baina haren izaera gustatzen zait. Ez da gaur gauza bat esan eta bihar iritziz aldatzen den horietakoa, gaur egungo gizarte puritano eta politikoki zuzen honetan. 

“Ilargira iritsi gara eta gaixotasun ugari sendatzeko gaitasuna garatu dugu, baina ez gara gai izan gerrari mugak jartzeko, honen atzean negozio handia dagoelako”

Gaur egun, mugikor bat duen edonor gertaera baten lekuko izan daiteke. Beharrezkoa al da oraindik kanpoko fotokazetariaren figura? Zer eskaintzen du begirada profesionalak bertako lekukoenarekin alderatuta?

Gaur egun, mugikorra poltsikoan duen edonor gertaera baten lekuko izan daiteke. Irudi horiek manipulatuak edo eraldatuak ez badaude, beste dokumentu bat dira. Hala ere, lekuko baten eta prestatutako profesional baten artean aldea dago, prestakuntzak ikuspegi kritikoa eta irizpidea ematen dizkizulako.

Gazako kasuan, adibidez, Israelek urteak daramatza bertako fotokazetariak Hamasekoak direla leporatzen, baina baieztapen hori faltsua da. Duela hogei urte, Associated Press bezalako agentzietako profesionalek Gazako gazteak prestatu zituzten kazetari eta fotokazetari gisa, Israelek nazioarteko prentsari bidea itxiko ziola zekitelako.

Gaur egun, prestakuntza hori jaso zuten bertako kazetari eta argazkilari palestinarrei esker dago informazioa. World Press Photo sariak ere irabazi dituzte, eta haiek gabe ez litzateke informaziorik egongo, beraz, bertako begirada ezinbestekoa da. 

Hainbeste urtez gerrak dokumentatu ondoren, zer da oraindik ere ulertzen ez duguna gatazka armatuei buruz, irudiak etengabe ikusten ditugun arren?
Gaur egun, inoiz baino errazagoa da munduan zenbat gerra dauden jakitea, informazioa mugikorrean bilatzea besterik ez dago. Baina ez dugu horretarako interesik, eta horrela ez dugu ezer ulertuko. Gerra baten errealitatea albistegietako minutu bateko laburpenaren bidez ezagutzen dugula uste dugu, baina gerrak urteak eta hamarkadak irauten ditu. Afganistanen, adibidez, hamarkada luzez bizi izan dira gatazka armatuak, eta egungo egoera ulertzeko atzera begiratu behar da.

Hori are harrigarriagoa da gizakiak lortu duen guztia kontuan hartuta: Ilargira iritsi gara eta gaixotasun ugari sendatzeko gaitasuna garatu dugu, baina ez gara gai izan gerrari mugak jartzeko, honen atzean negozio handia dagoelako.

Horregatik ezinbestekoa da gizarteak gaitasun kritikoa garatzea, gertatzen dena zalantzan jartzea eta agintariei azalpenak eskatzea. Kazetari gisa, nire helburua gizarte kritiko bat sortzea da, herritarrak hausnarketara bultzatzea, galderak egitera animatzea eta injustizien aurrean isilik ez geratzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide