Kultur sorkuntza Aiaraldean

Kaosaren barruan esanahi bila murgildu dira Ziztada & Rlantz estudioko laugarren lan luzean

Aimar Gutierrez Bidarte

Zitzada, Ralntz eta Komadük Pareidolia diskoa aurkeztu berri dute. / Ziztada & Rlantz

Pareidolia, estudioko laugarren lan luzea argitaratu du Ziztada & Rlantz taldeak. Reggae, dancehall, dubstep, steppa eta drum & bass doinuak uztartu dituzte, inguruan bizi duten horri abesteko.

Reggae, dancehall, dubstep, steppa eta drum & bass doinuak aldarri, estudioko laugarren lan luzea kaleratu berri du Ziztada & Rlantz bikoteak eta Komadü saxoak: Pareidolia. Orain arteko bidetik jarraitu, eta "euskarazko letra sozialak subgrabe indartsuekin" elkartu dituzte beste behin ere proiektu berri honetan.

Besteak beste, etxebizitzaren problematikari, sistemaren presioari, uniformetasunari, purismoari, gorrotoari edota askatasunari abesten diote laugarren disko honetan. "Gure inguruan bizi dugunari buruz hitz egiten dugu", zehaztu du taldeak diskoaren aurkezpenarekin batera; "gure gorputzaz, gure identitateaz eta geure bidea egiteko eskubideaz ere bai", gaineratu dute.

"Inguruan bizi dugunari buruz hitz egiten dugu: etxebizitzaren problematika, sistemaren presioa, uniformetasuna, purismoa, gorrotoa eta askatasuna"

Pareidolia eta Pareidolia

"Kaosaren barruan esanahia bilatzea", erronka hori jarri diote bere buruari Zitada & Rlantzek.

Pareidolia joera psikologikoan aurkitu dute horretarako bidea, eta horrela izendatu dute diskoa. "Gizakiok daukagun joera psikologikoa da Pareidolia, non irudi, forma edo soinu esanguratsuak (batez ere aurpegiak) antzematen ditugun ausazkoak diren estimuluen aurrean.” eta disko honetan ere, agian espero ez duzun zerbait entzungo duzu", azaldu dute dute izenaren nondik norakoetan sakontzerakoan.

"Dantza aldarri bihurtzen da, festa erresistentzia eta erritmoa elkarrekin pentsatzeko eta askatzeko lekua. Azken batean, ez dugu munduak eman digun forma onartu nahi: gurea bilatu, apurtu eta berreraiki nahi dugu!", aldarrikatu dute.

Hamar abestiz osatutako lana ondu dute, taldearen ohiko doinu eklektikoari helduta; reggae ardatz bestelako estiloekin esperimentatzeari uko egin gabe. Dagoeneko entzungai dago diskoa, ohiko plataformetan.

Ibilbide oparoa

2017an sortu zuten proiektua Erlantz Serrano amurrioarrak eta Irune Elgezabal bilbotarrak. Ordutik hona ibilbide oparoa egin du bikoteak, reggae musikaren ertz desberdinak arakatuz.

Azken urteetan Iñigo Lopez de Sosoaga Komadü saxofoi jolearekin batu dituzte indarrak, Ziztada & Rlantzen musikari alderdi are melodikoagoa gaineratuz.

Argitaratu berri duten disko honekin lau dira taldeak plazaratutako estudioko lan luzeak: Egun Hotzak (2018), Azken Argiak (2020), KSMS (2021) eta Pareidolia (2026). Hainbat dira ere argitaratutako singleak;  Lorearen Arantzak edo Zeren Zain, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide