Greba orokor deialdi honekin, CCOOk langileon bizi baldintzak erdigunean jarri nahi ditu. Etxebizitza horiei eragiten dien agente nagusietako bat izanik, ez da bakarra, horregatik, “Soldatak. Etxebizitza. Prezioak” leloa aukeratu dugu oraingoan.
Batetik, soldatek gora egin behar dute. Izan ere, Espainiako datu makroekonomikoak onak badira ere, horiek ez dira gerora familietara ailegatzen. Edo, ailegatzen badira ere, askoz gehiago igo da etxebizitzen prezioa. Ildo horretan, azken urteetan, lanbidearteko gutxieneko soldatak %66ko igoera izatea lortu dugu. Horregatik, beste %7ko igoera aldarrikatu dugu horrentzat, hilero 1.500 euroko gutxieneko soldata 12 ordainsaritan suposatuko lukeena.
Bigarrenik, etxebizitzen gaineko neurriak behar dira, etxebizitza merkatu ondasuna izateari uztera zuzendutakoak. Etxebizitzak, premiazko ondasuna izanik, merkatuaren logikatik kanpo funtzionatu behar du. Horretarako, epe motzeko, ertaineko eta luzeko neurriak ezarri beha dira. Egia da Euskal Erkidego Autonomoak Estatuko legediarik aurrerakoiena duela, baina argi ikus daiteke ez dela nahikoa eta neurrietan sakondu behar dela etxebizitza ez dadin langileontzat arazo bat izan.
Hirugarrenik, prezioen gainean eragina izango dituzten neurriak ere behar ditugu. Nazioarteko egoera politikoak, jada, ondasun jakin batzuen prezioen igoera eragin du, batez ere energiarenak, eta horrek, premiazko beste produktuen prezioen igoera. Enpresek mozkin errekorrak dituztenean, onartezina da prezioen igoerak zuzenean hiritarron gainera botatzea. Horietan ere eragin nahi du greba orokor honek.
Jakitun gara deialdi hau une esanguratsuan datorrela, hauteskunde orokorren atarian, baina horrek zera lortu behar du: hauteskunde hauen ardatza bizi baldintzak izatea eta ez Ceutan gertatutakoa edo bestelako ustelkeria kasuak. Horiek ere garrantzitsuak dira, baina ezin dira kanpainako gako bakarra izan.
Greba guztiak dira unean uneko testuinguruaren ondorio eta, hortaz, greba politikoak dira denak, oraingoa ez da apartekoa. Ez da kasualitatea greba deialdia orain iristea, Parlamentuan etxebizitzaren inguruko bi dekretuk porrot egin dutenean eta, are garrantzitsuagoa, 87 urteko Maricarmen Abascalen kaleratzea zuzenean ikusi dugunean. Bi horiek, sua piztu duten txinpartak izan dira, baina arazoa aurretik dator.
Grebara joateko arrazoiak baditugu. A11 Ni banoa!