Martxoan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde greba arrakastatsua egin genuen eskualdean. Langileon pobretze eta prekarizazioaren aurrean, bizitza duinak bermatzeko aldarrikapena egin genuen. Izan ere, pobretzea ez da soldata baxuen ondorio hutsa: lan baldintza kaskarrak, oinarrizko baliabideen garestitzea eta etxebizitzaren negozioa ere badaude horren atzean.
Milaka langilek eta herritarrek, bereziki emakumeek, migranteek eta gazteek, etxebizitzarako sarbidea ukatua dute. Horregatik, LABen maizterrak antolatzen ari gara etxebizitzaren negozioari eta gehiegikeriei aurre egiteko. Lan baldintzak ez ezik, bizitzaren prekarizazioan eragiten duten gainerako faktoreak ere borrokatu behar ditugulako.
Aiaraldean, pobretze prozesua industria-enpleguaren suntsiketak eta beste sektoreetako prekarizazioak areagotzen dute. Enpresa itxierak, kaleratzeak eta lan baldintza prekarioak ez dira kasu isolatuak: eskualdeko ehun ekonomiko eta soziala ahultzen dute. Ondorioak ez dituzte soilik zuzenean kaltetutako langileek pairatzen; lantegi txikietan, tokiko merkataritzan eta zerbitzuetan ere eragiten dute, jarduera ekonomikoa eta kontsumo-ahalmena murriztuz.
Egoera horren aurrean, enpleguaren eta lan baldintza duinen defentsan atera gara kalera, gutxieneko soldata propioaren aldeko greba eta mobilizazioak egin ditugu, eta SOS Aiaraldearekin batera maizterrak izutu eta etxebizitzetatik kanporatzeko saiakeren aurka mobilizatu gara. Enpleguaren suntsiketak, prekarizazioak eta etxebizitzaren negozioak pobretze estrukturala elikatzen dute, langile klaseari bizi duina garatzeko oztopoak ezarriz.
Hainbatetan aldarrikatu dugun bezala, Aiaraldean lan, ikasi eta BIZI nahi dugu. Horretarako, enplegua defendatzea, sektore guztietan lan baldintza duinak bermatzea eta etxebizitzaren larrialdiari egiturazko erantzunak ematea ezinbestekoa da.
Langileok ez gara besoak gurutzatuta geratuko gure pobretzea eta prekarizazioa normalizatzen diren bitartean. Errentismoari, negozioari eta kapitalaren agenda erreakzionarioari aurre egingo diegu. Gure eskubideen alde borrokatzea faxismoaren aurka borrokatzeko errezetarik onena delako.
Azaroaren 11n, Aiaraldean, soldata eta etxebizitza duinak aldarrikatzeko greba orokorra egingo dugu: patronalari gutxieneko soldata propioa exijitzeko, higiezinen patronalari langileon bizitzen kontura aberasteari uzteko eta EAEko zein Nafarroako gobernuei errentismoarekin eta espekulazioarekin amaitzeko neurriak eskatzeko. Gure bizitzak, gure lana eta gure etorkizuna ez daude kapitalaren interesen menpe!