Iragarri bezala, SEMAF tren gidarien sindikatuak deitutako greba indarrean dago eta bere eragina oso bistakoa da. Izan ere, Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioak ezarri zituen gutxieneko zerbitzuak ez dira betetzen ari.
Berez, %75eko zerbitzuak egongo zirela adierazi zuten ordu puntetan eta erdia gainerakoetan, baina errealitatea oso urruti geratu da. Adibidez, gaur 05:00-09:00 tartean lau tren baino ez dira atera Abandotik Urduñaraino eta ohikoan bederatzi dira. Hau da, ordu puntetan eskaintza ez da heldu %50era.

Guztira, Abando eta Urduña arteko ibilbidea hamasei trenek baino ez dute egingo. Urduña eta Bilboko bidaia egiteko, aldiz, hamaika zerbitzu egongo dira egun osoan.
Egoerak baditu aurrekariak. Izan ere, Urdako istripuaren ostean egindako lehen lanuztean, urriaren 29an, antzeko atakan geratu ziren bidaiariak.