Etxebizitza Aiaraldean

Aiaraldean bizi nahi dutela aldarrikatu dute milaka herritarrek, etxebizitza eskubidea eta espekulazioaren aurkako borroka aldarri hartuta

Erredakzioa

Eskualdeko errealitateari oso lotutako irakurketa plazaratu dute mobilizazioaren amaieran, etxebizitzaren gaiari lotutako hainbat aurpegi azaleratuz. 

Gainezka egin du Laudiok greba orokorreko eskualdeko mobilizazioan. Arratsaldeko seiak izateko minutu gutxi batzuk falta zirenean ehunka lagunekin abiatu da Gazte Blokea tren geltokitik, dagoeneko beteta zegoen Herriko Plazan sartzeko. 

Herrigunea zeharkatu dute milaka pertsonek, eta etxebizitza eskubideari lotutako hainbat aldarri plazaratu dituzte kaleetan zehar, pankartak, bengalak, margoketak zein koltxoiak baliatuta.  

Tren geltokian egin dute amaiera ekitaldia. Txiki geratu da espazioa, eta minutu ugari baliatu behar izan dituzte jende guztia sartzeko.

Eskualdeko errealitatea ardatz

Bertan azaldu dutenez, “etxebizitza da langile-klasearen pobretzearen arrazoi nagusietako bat”, eta ohartarazi dute Aiaraldean ere gogor kolpatu duela krisi horrek: “Ez dago etxerik alokairuan eta, daudenean, prezioak ordainezinak dira, 1.000 euroko langa gainditzera iritsiz, gutxieneko soldata 1.221 eurokoa denean”. 

Dena den, nabarmendu dute etxebizitza gabeziak ez diela pertsona guztiei berdin eragiten, eta lehen planoan jarri dute emakumeen, sexu-disidenteen, gazteen, pertsona arrazializatuen edota migratuen errealitateak. 

Aipamen berezia egin diote kale egoeran edo eraikin abandonatuetan bizi diren pertsona migratuek bizi duten errealitateari.

Horri lotuta, aipamen berezia egin diote kale egoeran edo eraikin abandonatuetan bizi diren pertsona migratuek bizi duten errealitateari, eta salatu dute negua kalean igaroko dutela, “eskualde honetako udal eta bestelako erakunde publikoek ez dutelako inolako bizitoki alternatibarik aktibatu”. 

Pertsona migratuak ere “langile klasearen” eta “Aiaraldearen” parte direla aldarrikatu dute. “Bizi, ikasi eta lan egitera etorri gara Aiaraldera, eta gutako asko gaude miseriazko egoerak pairatzen. Ezin gara etsaiz nahastu, etxebizitzaren egoeraren erantzuleak espekulatzaileak, errentistak, enpresariak eta horiek defendatzen dituzten politikariak” dira. 

Erakunde eta alderdi guztiei kritikak

Kritika zorrotza egin diete Espainiako Estatuko zein Euskal Herriko erakunde publiko eta alderdi politikoei. Alde batetik, PP, UPN eta EAJ seinalatu dituzte, “espekulazioa sustatzen duten politikak” bultzatzea egotzita, “kapitalaren agenda erreakzionarioaren mesedetan”.

Ordezkaritza instituzionala duten alderdi guztiak kritikatu dituzte, “kapitalaren agenda erreakzionarioaren mesedetan” aritzeagatik batzuk, eta horren aurka beharrezko neurriak ez hartzeagatik besteak.

Bestetik, PSOEren gobernuari leporatu diote “egoera errotik aldatzeko neurririk” hartu ez izana, “errentadunen eta enpresaburuen interesak” ordezkatzen dituela nabarmenduta. Horren erantzule gisa identifikatu dituzte baita Espainiako egungo gobernuari babesa ematen dioten alderdi guztiak, “agerian geratu baita handikeriaz aurkeztutako Etxebizitza Legeak ez dituela agindutako aldaketak ekarri, eta hartutako neurriak, konponbide partzial eta eraginkortasun urrikoetatik harago, errentismoaren eta finantza-interesen babesa bermatzera bideratuta daudela”. 

Salatu dutenez, erakunde publikoak ez dira “egoera arintzeko neurriak” hartzera iritsi, baina nabarmendu dute ez dutela balizko neurri horiekin konformatu nahi. Izan ere, argi defendatu dute posible dela etxebizitza “pertsona guztientzako eskubide bermatua” izatea, horretarako hiru neurri mahai gainean jarrita: “espekulatzaileen ondasunak desjabetzea”, etxebizitzaren “erabilera espekulatibo eta errentista” debekatzea, eta “etxebizitza eta baliabide guztiak langile klasearen beharren arabera antolatzea”. 

"Espekulatzaileen ondasunak desjabetzea" exijitu dute, beste neurri batzuen artean.

Hori posible dela arrazoitzeko, eskualdeko datuak jarri dituzte mahai gainean: “Aiaraldean gaur egun 21.902 etxebizitza daude, ia bana bi biztanleko”. Horregatik, ozen defendatu dute eskualdean “ez dagoela inor soberan”, baina salbuespen batzuekin: “soberan daudenak dira etxebizitza bezalako funtsezko ondasun batekin negozioa egiten dutenak, soberan daudenak badira matoi faxistak bidaltzen dituztenak jendea kalera botatzera, soberan daudenak dira pisuak logelaka banatzen dituztenak bakoitza 500 eurorengatik alokatzeko eta, gainera, horretaz harropuzten direnak Instagramen. Soberan daudenak espekulatzaileak eta errentistak dira”. 

Bukatzeko, eskualdean azken urteetan egondako langile borrokei egin diete aipamena, argudiatzeko etxebizitza ez dela borroka indibiduala, horiek ez ziren bezalaxe. Horregatik, antolatzeko deia luzatu diete etxebizitzaren arazoa duten pertsona guztiei, “bihartik aurrera”. Izan ere, argi utzi nahi izan dute Aiaraldea defendatzen jarraituko dutela hemendik aurrera ere, “lantegiz lantegi, herriz herri, piketez pikete eta etxez etxe”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide