Amalur Fest jaialdia antolatu du Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbideak, "txakolina, mitologia, musika, folklorea eta gastronomia uztartuz".
Abenduaren 4tik 8ra luzatuko da ekimen ibiltaria eta eskualdeko udalerri gehienak bisitatuko ditu. "Kalejira mitologikoak" eta txakolin dastatzeak egongo dira egun guztietan, baina bestelako kultur ekitaldiez lagunduta.
Tokiko zein Euskal Herriko taldeen emanaldiez gozatzeko aukera emango du jaialdiak: Aiara Dantza Taldeko kideak Urduñan zein Orozkon arituko dira, eta NØT talde aiaraldearrak Amurrioko parkean eskainiko du kontzertua, beste hainbat talderekin batera: Korrontzik ere joko du bertan egun berean, eta biharamunean Node dantza konpainiaren eta Neomak taldearen txanda izango da.
Hemen ikusi daiteke egitarau osoa egunez egun:

Zehaztu dutenez, sarrera librea eta doakoa izango da jarduera guztietan, baina plaza mugatuak izango dira txakolin dastaketetan eta Artziniegako "ginkana mitologikoan". Gauzak hala, horietan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, ekimena iragartzeko atondutako Amalurfest.eus webgunean.