Indarkeria matxistaren aurkako naizoarteko egunak goizetik elkartu ditu herritarrak eskualdeko plazetan. Amurrion ikasleek hartu dute protagonismoa eguerdian, Juan Urrutia Plazan burutu duten ekitaldian. Zapata Gorrien ekimena burutu dute udalerriko ikastetxe guztiek batera. Mexikon feminizidioak salatzeko sorturiko performance ezaguna Amurriora ekarri eta indarkeria matxistaren aurkako adierazpen bateratua egin dute ikasleek.
Bestalde, eguerdiko hamabietan Laudioko Udalaren adierazpen instituzionalaren irakurketa egin da Herriko plazan. Tokiko erakundeak bat egin du, aho batez, aurtengo aldarri irmoarekin: emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du eta gizarte osoari eragiten dio. Ildo horretan, emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko inplikazio aktiboa eta egunerokoa behar dela azpimarratu dute talde politiko guztietako ordezkariek.
Arratsaldean mobilizazio eta elkarretaratzeen unea izango da. "Ez ginen atzera egiteko jaio" lemapean herriz herri mobilizazioak deitu ditu mugimendu feministak; indarkeria matxista eta faxismoaren gorakadari aurre egitearen beharra lehen lerrora ekarriko dute.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte eta Garazi Cuadra Alvarez