Amurrion izan zen atzo Mikel Otero EH Bilduren Arabako Kongresuko zerrendaburua. Hauteskunde kanpainaren azken astean buru-belarri sartuta, Aiaraldeko egoera industriala izan zuen ardatz talde subiranistak.
"Industria da Arabako eta Euskal Herriko motor ekonomiko eta laborala. Urteetan zehar herri honi ehun produktibo indartsua eta milaka eta milaka langilerentzako kalitatezko enplegua mantentzea ahalbidetu dion motorra", adierazi zuen Oterok.
"Zoritxarrez, ikusten ari gara enpresa askok egoera oso konplikatuak bizi dituztela, gure industria-sarea eta milaka euskal langileren oraina eta etorkizuna arriskuan jarriz"
Halaber, Euskal Herriko, eta bereziki Aiaraldeko, industriak bizi duen egoera zaila izan zuen hizpide Arabako zerrendaburuak. Tubos Reunidoseko egoerari, Tubacexeko krisiari eta Valvospain enpresaren itxierari egin zien erreferentzia, besteak beste.
"Zoritxarrez, ikusten ari gara enpresa askok egoera oso konplikatuak bizi dituztela, gure industria-sarea eta milaka euskal langileren oraina eta etorkizuna arriskuan jarriz. Madrilgo eta Gasteizko gobernuek industria-politikak garatu dituzte, baina ez dute jakin izan industriak bizi duen eraldaketari aurrea hartzen", adierazi zuen Oterok.
“Pultsu industrialari berrekiteko apustua” berretsi zuen EH Bilduk atzoko agerraldian, “euskal industrian berriro ere abangoardian jartzeko”. Industria modernizatu eta indartzeko beharra jarri zituen Oterok mahaigainean, ekonomiaren deskarbonizazioaren premian azpimarra eginez: "Aldaketa horiei aurrea ez hartzea orain ari gara ordaintzen. Amurrio eta Aiaraldea dira horren adibide argi bat. Izan ere, lanpostuak eta industria-sarea arriskuan daude".
Madrilgo eta Gasteizko gobernuei luzatu zien deia Oterok: “Beharrezkoa da Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak galaraztea potentziala eta etorkizuna duten enpresak ixtea edo deslokalizatzea, milaka pertsona kalean utzita. Garaia da gobernuek egoera horren ardura har dezaten eta gure industria mantendu, eraldatu eta indartzearen aldeko apustu irmoa egin dezaten”.
Oskar Matutek eskualdeari egin zion aipamena iragan azaroaren 23an Espainiar estatuko telebista kate publikoan egindako hauteskunde eztabaidan
Aiaraldea hizpide, baita TVEn ere
Mikel Oterorenak ez dira Aiaraldeko egoera industrialari buruz hauteskunde kanpainan egindako adierazpen bakarrak. Oskar Matutek eskualdeari egin zion aipamena iragan azaroaren 23an Espainiako telebista kate publikoan izandako hauteskunde eztabaidan.
Hain zuzen, Espainiako Kongresuan talde propioa duten gainerako zazpi alderdiekin egin zuten eztabaida eta ia zazpi milioi ikusle izan zituen emankizunak.
Euskal industria sarearen defentsa egin zuen bertan. Industria “moderno eta deskarbonizatu” bat ez ezik, “deslokalizazioaren logikatik” kanpo kokatzen den industria baten beharra aldarrikatu zituen Matutek, “lurraldean errotua”.
Kontrakoak, enplegu suntsiketa dakarrela adierazi zuen Bizkaiko zerrendaburu subiranistak. “Zoritxarrez milaka lanpostu galdu dira Euskal Herrian azken urteetan, bereziki Aiaraldean”, gaineratu zuen.
