Amurrioko Elur taldeak hasi du eski denboraldia. Jon Aspuruk adierazi duenez, bi astero egingo dituzte irteerak. Abenduaren 7tik 11ra izango da lehendabiziko txangoa. Baqueira izango dute aurreneko geltokia, Viella, hain zuzen. Bidaiaren prezioa 360 eurokoa da, autobusa, lo lekua, gosaria, afaria eta forfaita barne.
Izena emateko www.elurtaldea.com atariko formularioa bete behar da, eta banketxean transferentzia egin. Ostiralera arte egongo da apuntatzeko epea zabalik. Txangoa adin oroko herritarrei zuzendua dago, baina 18 urtetik beherakoek gurasoen baimen orria eraman beharko dute.
Ibilaldien eski geltokiak irteera eguna baino 15 egun lehenago erabakiko dituzte: “Egutegia finkoa da, baina tokia eguraldiaren aurreikuspenaren arabera aukeratzen dugu, elur kopuruaren arabera”. Urtarrilaren 6an egingo dute bigarren joan-etorria. Martxoa amaitu artean, beraz, eskiatzera joateko aukera bat gehiago izango dute aiaraldearrek. “Elurra baldin badago apirilera arte luzatuko dugu denboraldia”.