Aiarako Demola proiektua abiatu du Amurrio Bidean toki garapenerako elkarte publikoak, Aiarako Kuadrilak sustatuta Demola Basque Country erakundearen laguntzarekin eta Arabako Foru Aldundiak diruz lagunduta.
Goi Mailako Lanbide Heziketako edota unibertsitateko azken ikasturtea egiten ari diren ikasleei zuzendutako egitasmoa da. “Parte hartzen dutenek aukera izango dute zuzenean esku hartzeko enpresa baten beharrizanetan, euren gaitasunak eta talentua mobilizatuz eta enpresen erronkei irtenbideak emanez”, adierazi dute antolatzaileek.
Hiru enpresa
Lau hilabete iraungo du egitasmoak, eta parte hartzaileek ondorengo enpresetako batekin arituko dira elkarlanean: Artomaña Txakolina S.L., Aialur edo Iparnature.
Erronka zehatz batzuei egin beharko diete aurre, eta planteatutako helburuetara iritsiz gero ordainsaria jasoko lukete, 2.000-3.000 euro artekoa, helburuaren betetze mailaren arabera. Hortaz gain, egindako lanaren ziurtagiria jasoko dute parte hartzaile guztiek.
Ondorengo estekan eskuratu daiteke enpresa eta erronka bakoitzaren gaineko informazio gehiago: http://basquecountry.demola.net/apply. Azaroaren 22a da izena emateko azken eguna. 945891721 zenbakira deitu edo empresa@amurriobidean.org helbidera mezu bat bidali behar da horretarako.