Amurrion farmazia zerbitzu iraunkor bat jartzeko behar besteko beharra dagoen aztertzen ari da Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Amurrioko Udalak eskatu dio azterketa hori egitea. Irailean ekin zion herritar talde batek sinadurak biltzeari, herrian egunero guardiako farmazia bat egotea eskatuaz. Aste gutxitan 3.000 sinadura fisiko baino gehiago bildu zituzten, eta udalera eraman zituzten orriak. Orduan helerazi zion udalak Osasun sailari problematika hori ikertzearen eskaera.
Guardien banaketa
Lau farmazia daude guztira Amurrion, baina gaueko guardia txandak Urduña, Arespalditza eta Artziniegako farmaziekin txandakatzen dituzte. Modu horretan astean lau egunez dago Amurrion farmazia bat gauez irekita. Gainontzeko hiru egunetan, aldiz, autoa edo garraio publikoa hartu beharra dago goizeko ordu txikitan botika bat lortu ahal izateko.