Asteburuan izango dira Lezamako jaiak. Aurten ere hamaika ekintza antolatu dituzte. Ostiralean hasiko dira festak Martin Deunaren omenez egingo den mezarekin. Ondoren, arkupeetan zozketa bat egongo da. 65 urtetik gorako lezamako bizilagunek bazkariaz gozatzeko parada izango dute segidan, eta arratsaldeko seiretan briska txapelketak hartuko du egitarauaren lekukoa. 20:00etan prestatuko duten txokolatadarekin bukatuko da ostiraleko programa.
Larunbata, egun handi
Larunbatean izango dira ekitaldi gehienak. Mendi ibilaldi batekin abiatuko dute goiza, 09:00etan Lezamako txokotik aterako dena. Izen-emateak euro bat balio du, eta 14 kilometroko txangoa izango da.Besteak beste, Lezama, Gurbista, Andikoetxalde, Eguiluz, Inoso, Txibiarte, Garbika, Elordo eta Basabe zeharkatuko dituzte mendizaleek. Antolatzaileek azaldu dutenez, bidearen gehiengoa pista eta bidexkak izango dira. Hala ere, martxa gauzatzeko baldintzak egokiak ez badira, bertan behera uzteko eskumena iragarri du antolakuntzak.
16:30ean mus txapelketari ekingo zaio, eta 18:00etan haurrentzako jolasak egongo dira. Herri arteko Herri Kirolak 19:30ean hasiko dira, eta 22:00etan indarrak berreskuratzeko herri afaria egingo dute. Gainera, parrillada irekia egongo da 4 euroren truke pilotalekuan. Kontzertuei dagokienez, Honat erromeria eta The Monkey Painters taldeak oholtzaratuko dira.
Doako autobus zerbitzua
Aurten ere doako autobus zerbitzua egongo da Amurriotik Lezamara bertaratzeko. Autobusa 23:30ean aterako da Amurrioko Telefonicatik eta 05:30ean izango da itzulera Lezamatik.