JOSU SANTAMARIA (Legutio, 1993) Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologoa da eta San Pedro mendian indusketak egin ez ezik, jasotzen duen informazio ere zabalduko du, bai azaroaren 5ean eta 6an bertan egingo dituzten bisita gidatuetan, bai Amurrion antolatu dituzten hitzaldietan (Gaztetxean eta Atxubin, esaterako).
San Pedroko indusketak abiatu dituzue, nolakoa izan da ibilbidea?
Nahiko luzea, bi urte dira proiektu honekin bueltaka gabiltzala. Kasu honetan muina da elkartasuna eta elkarte batekin harremanetan jarri izana.
Aztarna elkarte etnografiakoarekin egon gara hizketan duela bi urte gerra zibilari lotutako proiektu arkeologikoa egiteko eta ondarea berreskuratzeko.
Bi urte horietan mintzatu gara hainbat erakunderekin eta, azkenean, Amurrioko Udalarekin lortu dugu elkarlana, finantzaketa, babesa... baita beste eragilerekin ere: Eusko Jaurlaritza, Vital Fundazioa... zerrenda luzea da.
"San Pedro mendiak batzen dituen baldintzak oso interesgarriak dira historiografia eta paisaiaren aldetik eta horregatik garatu nahi dugu bertan gerra zibilari buruzko proiektua".
Bertako gertakariak ez dira oso ezagunak baina ematen du oso garrantzitsuak izan zirela. Alde batetik Araba frankista eta Errepublikaren aldeko borrokak jazo zirelako bertan, Bilboko sarbidean ere puntu geoestrategikoan kokatuta dago eta hainbat bataila egon ziren bertan.
Hori guztia ikertu nahi dugu.
Proiektuko beste kide batek aipatu du adostasun politikoa lortu dela indusketak gauzatzeko, eta hori ez dela ohikoa beste leku batzuetan (Estatu Espainiarrean, alegia). Zein da zure iritzia?
Espainiako Gerra Zibilari buruz hainbat lan egin izan dugu beste leku batzuetan. Soldadu beteranoek esango lukete fronte askota ibili garela, baina Aragoin, Madrilen, Guadalajaran edota Extremaduran oso anitza izan da adostasuna.
"Toki batzuetan babesa aurkitu dugu eta bestetan ez, guztiz kontrakoa".
Gai traumatikoa, polemikoa eta politikoki konprometitua da. Konpromisoa behar du eta hori ez dugu toki askotan topatu.
Hemen, dena dela, bai. Udalaren aldetik adostasuna erabatekoa da, talde guztiek onetsi dute proiektua.
Bestalde, elkarteen konpromisoa (Aztarnakoa, esaterako), garrantzitsua da. Euskal Herrian hainbat elkarte dago memoria historikoaz, gerra zibilaz eta eskubideen urraketaz arduratzen direnak eta horiek guztiek interesa daukate gai honetan.
Orain arte ez zegoen hainbeste interesa unibertsitatearen aldetik. Euskal Herriko Unibertsitateak proiektu zientifiko ugari abiatzen du, baina ez hainbeste memoria historikoaren esparruan.
Hau izan da EHUk abiatuko duen lehen proiektua gerra zibilaren arkeologiari buruzkoa
Esku hartzeak egon dira enpresa pribatu edo elkarteen bitartez, baina hau da EHUren lehenengoa.
Historiografia ez ezik elementu gehiago batu nahi dituzue.
Guk arkeologook teorian lurra kentzen dugu, lurrak estalitako aztarnak interpretatu edo jaso nahian.
Horiek berreskuratu litezke gauza asko egiteko: laborategietara, argitarapen zientifiko edo kongresuetara eraman, adibidez.
Hala ere, beste bide bat dago; herriari zabaltzea. Hain zuzen ere, San Pedroko paisaia benetan interesgarria da; Gorobel eta Gorbeiako parke naturala ikusten dira, Aiaraldea osoa ikusteko balkoia da... paisaia oso preziatua da mendizaleentzat.
Horri zerbait gehitu nahi diogu; egitura batzuk berreskuratu eta zabaldu, bisitagarri eginda. Bitarteko pedagokioa izan behar du. Gainera, paisaia gairi lotuta dago.
Gerra ez da lubaki bat, paisaia osoa da.
Historia asko dago inguruan; baserriak, elizak, etxeak... eta bertako jendearen historia anitzak. Hori ere landu nahi dugu ikuspegi holistiko integrala baliatuta.
500 lagun inguru hil zirela bertan esan duzue. Zein da zuen itxaropena indusketen aldetik?
Gertakariak, gutxi gorabehera, badakizkigu txosten militarretan aipatzen direlako. Titular gisa: 1936ko udan lekua okupatu zuten reketeek. Francoren aldeko boluntarioak ziren eta euren leloa zen “Jaungoikoa, legeak eta erregea.”
Gero, 1936ko abenduaren 5ean Legutioko gudua izan zen eta operazio handi horren barruan gudaroste errepublikarrek tokia konkistatu zuten. CNTko anarkistak, komunistak, EAJko eta UGTko batailoiak... indar guztiak batu ziren horretarako.
Mendia hartu zuten eta antza ehunka hildako egon ziren. Baliteke zulo komunak egotea oraindik. Borroka oso odoltsua izan zen.
Maiatzaren 1937an, ordea, frankistak itzuli ziren eta sartu ziren Kondor Legioaren laguntzarekin, alemaniarrekin, militar italiarrekin, tanke modernoekin... auskalo, ez dakigu zehazki.
Gerraren garapen teknologikoa jasotzeko parada izango dugu. Hasieran, erreketeak joan zirenean fusilekin XIX. mendeko gerraren ezaugarriak zituen borrokak, karlistaldien antzera.
1937an, aldiz, II. Mundu Gerraren aurrerapena daukagu, teknologikoki behintzat. Eboluzio hori ikertuko dugu.
Bestalde, gerra ideologikoa ere egon zen bertan. Karlisten kasua aipatu dugu, baina anarkistak ere egon ziren, eta hauen ideiak guztiz kontrakoak ziren. Hortaz, gure galdera da: “zure ideologiak islada dauka mundu materialean, utzitako aztarnetan antzeman daiteke?”
Galdera potentea da zientifikoki eta saiatuko gara erantzuten.
Horren guztiaren ostean, beste erronka bat izango duzue, informazioa zabaltzea.
Hori da ideia. Proiektu batek alor asko ditu eta Amurrion zein ingurutan hitzaldiak eta solasaldiak egin nahi ditugu. Taberna-hitzaldia euskarri probatuko dugu, Gaztetxean, adibidez.
Gainera, arlo zientifikoan ere lan egingo dugu, kongresutan, adibidez. Are gehiago jakinda proiektuak badaukala etorkizunean ibilbidea.
Momentuz, egiturak sendotu eta bisitagarri egin behar ditugu, eta beharrezkoa izango da jendea gonbidatzea eta informazio zabaltzea. Gasteizen ere hitzaldiak egingo ditugu. Amurrio mapa horretan kokatzen saiatuko gara.
80 urte bete dira gerra hasi zenetik eta urteurrenak ez dakit ospatzeko edo omentzeko diren, baina gure memoria omendu behar dugu. Gainera, gazteek ez dakite, oro har, ezer honi buruz, aiton-amonen kontuak dira eta eurei gogoratu behar zaie zer nolako basakeria izan zen, ez errepikatzeko.