Atzo hartu zuten Italiara itzultzeko hegazkina SAMUELE FALIVENE, DALILA PISCEDDA, MANUELE RISPOLI eta GIULIA GALVANESEk. Egun batzuk eman dituzte Aiaraldean, Amurrioko Zaraobe Institutuko ikasleen familiekin bizitzen, Salernoko Regina Margerita ikastetxeko beste 21 ikasle eta bi irakaslerekin batera.
Zer moduzkoa izan da Amurrion bizitzearen esperientzia?
Dalila Piscedda: Dena egon da ondo. Asko gustatu zait Amurrio. Herri txikiagoa zelakoan nengoen, baina ez; uste nuena baino handiagoa da.
Zer da gehien gustatu zaizuena?
Giulia Galvanese: Donosti hiria, ikusi dugun hiririk ederrena izan da.
Manuele Rispoli: Esperientzia oso esanguratsua izan da hau guretzat. Italiar eta espainiarren arteko bizitzeko eta pentsatzeko moduak elkarbanatu ditugu. Hori da mota honetako elkar-truke bateko gauzarik garrantzitsuena.
Ezberdintasun asko sumatu dituzue Italiako eta hemengo bizimoduaren artean?
Samuele Falivene: Bizitzeko modua oso ezberdina da, baita eskolan ere. Bizitzeko modua, eguna antolatzeko era, esnatzeko orduak, batzuek trena hartzen dute, beste batzuek ez... oso bizimodu ezberdin eta bizia da.
Zer da ikusi duzuen gauzarik bitxiena, arreta gehien deitu dizuena?
S.F.: Oso berezia iruditu zaigu institutua, bai eraikinaren estruktura zein nola antolatua dagoen. Gauzak antolatzeko edota azterketak egiteko modu ezberdin bat dago hemen.
D.P.: Ikasleek institutuari dioten errespetuak ere asko deitu digu arreta. Ikasle italiar askok ez dute institutua errespetatzen.
Zer nolakoa izan da zuen eta amurrioarren arteko harremana?
D.P.: Oso ona. Ni oso ondo moldatu naiz hartu nauen familiarekin. Alde horretatik dena egon da ondo.
Hemendik ordu gutxira hartuko duzue itzulera hegazkina. Zer moduzko sentsazioarekin zoazte Italiara?
M.R.: Oso pozik itzuliko gara, baina melankolia apur batekin. Asko botako dugu faltan hau guztia.
Baduzue hemengo jendearekin kontaktua mantentzeko asmoa?
D.P.: Nola ez! Noski, beti!
Iaz Zaraobeko Institutuko ikasleak izan ziren Salernora joan zirenak. Bizitako esperientziaren berri eman zuten ondorengo bideoan:
[video:https://vimeo.com/158372268]