Eva Blanco amurrioarra izango da EH Bilduren ordezkaria Legebiltzarreko Mahaian. Parlamentuaren organo gorena da mahai hori. Hortaz gain, politikari amurrioarra aurkeztuko du koalizioak Lehen Presidenteorde kargurako. Bihar (ostirala) eratuko da mahaia, eta orduan egingo da Blancoren izendapen ofiziala.
Zinegotzia izateari utziko dio
"Kargu hori hartzeak lan karga erantsia ekarriko dio Blancori", azaldu dute EH Bildutik. Hori dela eta, Amurrioko Udalean zinegotzi izateari utziko dio politikariak, "bi karguak uztartzea eta ardura biak behar bezala betetzea ezinezkoa izango litzatekeelako".
Asanblada irekia astelehenean
Amurrioko EH Bilduk asanblada irekia deitu du datorren astelehenerako (urriak 24). 19:00etan izango da zita, herriko EHBilgunean. "Egoera berriaren eta hauteskundeen emaitzen inguruan" eztabaidatuko da bertan, eta "Udalak eman dituen azken albisteak" ere landuko dituzte.