Iraileko azken astean egin zen Begibistan Zinema Astearen VI. edizioa, Amurrion. Antolatzaileek positiboki baloratu dute jaialdia berreskuratu izana, 2011an egin baitzen azken aldiz. Udalak adierazi du baduela ekimenarekin jarraitzeko asmoa. Egun gutxi barru bilduko dira, aurtengo edizioa baloratu eta hurrengoa zehazten hasteko.
Irailaren 30ean amaitu zen Amurrioko Begibistan VI. Zinema Astea. Edizio arrakastatsua izan da aurtengoa, udalaren zein jaialdiaren antolatzaileen ustetan. “Oso balorazio ona egiten dugu”, adierazi du Kepa Sojok. Bera izan zen jaialdiaren zuzendaria 2007tik 2011ra bitartean, eta aurten ere horretan aritu da. Zinemagile laudioarrak azaldu du “jende mordoa” bertaratu dela Amurrio Antzokira jaialdiak iraun duen hiru egunetan, eta aurkeztutako filma laburren “maila handia” ere nabarmendu du. 211 filma labur aurkeztu dira guztira, eta horietatik 31 proiektatu dira jaialdian.
[video:https://vimeo.com/186304926]
10.000 euroko aurrekontua
Maiatza-apirila aldera jaso zuen Sojok jaialdia berpiztearen enkargua. 10.000 euro zeuden horretarako erreserbatuak. EH Bilduk proposatu zuen ditu kopuru hori jaialdiaren berreskurapenerako baliatzea. Udal-gobernuak proposamena onartu eta aurtengo udal-aurrekontuetan sartu zuen. “Denbora gutxi genuen antolatzeko”, oroitu du Sojok, “baina erronka bikaina iruditu zitzaigun”. Aurrekontua ez zen oso handia: udalaren 10.000 euro eta Arabako Foru Aldundiaren beste diru-laguntza bat zeukaten. Diruak diru, helburua lortu dutela uste du Sojok: “jaialdia berpiztea”. 2011an egin zen Begibistanen azken edizioa. Ordutik hona krisi ekonomikoak eten du jaialdiaren jarraikortasuna, orain arte.
Zentzu horretan, zuzendariak adierazi du aurtengo edizioak “zubi funtzioa” egin duela, jaialdiaren “aurreko edizioen” eta “etorkizunean etorriko direnen” artekoa. Izan ere, jaialdiari jarraikortasuna emateko asmoa adierazi du udalak. “Formatu honekin jarraitu ahal izatea da asmoa”, azaldu du Amurrioko alkatea den Josune Irabienek, eta iragarri du laster bilduko direla jaialdiaren antolatzaileekin, “balorazio bateratu bat egiteko” eta baita ere aztertzeko zer aukera dauden “ideia berriak” garatzeko hurrengo edizioei begira.
Ideia eta diru-iturri berriak
Ez dira ideia berriak falta. “Haurrentzako eskaintza berezia sortzea, euskal zinemagileen arteko topagune bat egitea... ideia asko dauzkagu”, ziurtatu du Sojok, baina azpimarratu du horretarako gauza bat behar dela: laguntza ekonomiko gehiago. “Beste diru iturri batzuk” bilatzea du buruan zinemagile laudioarrak. “Eskualdeko enpresen babesletzak bilatu ahalko lirateke”, iradoki du, “ eta badaude baita Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza batzuk, aztertu ahalko liratekeenak”.
Tokikoentzako tokia
Arestian aipatutakoez gain, Kepa Sojok badu jaialdiari begirako beste helburu bat: Eskualdeko jendea filmak egin eta aurkeztera bultzatzea. “Aurten eskualdeko hainbat gazte etorri dira niregana emanaldien ostean, esanez agian animatuko direla datorren ediziorako zerbait prestatzera”. Aurten “Nerbioibistan” izeneko saila egon da jaialdian, eta Amurrio, Laudio, Ugao edota Arrigorriagako filmak lehiatu dira bertan.
Saria etxean geratu da: Mikel Bustamanteren “Puré” pelikularen alde egin baitu epaimahaiak. Aktore eta zinemagile amurrioarrak ez zuen saria jasotzera bertaratzerik izan, baina oso pozik dago. “Beti da pozgarria sari bat irabaztea”, adierazi du, “baina zure herrian irabazteak bikoiztu egiten du poztasun hori”. Horrelako jaialdiak “oso positibotzat” ditu Bustamantek, “sortzaileentzako leiho bat dira, kontaktu asko egiteko balio dute, eta baita indarrak batzeko ere”.
Corta(r)te, aurrekari
Amurriokoa ez da eskualdean egon den zinema jaialdi bakarra. Laudion ere antzeko ekimen bat jarri zuten martxan Canal58-ko kideek duela zenbait urte: Corta(r)te Filma Laburren Txapelketa. Abuztuan egiten zen jaialdia, Lamuza Parkean, Laudioko Jaietarako bertan jartzen ziren azpiegiturak baliaturik. Lehen ediziora 200 filma inguru aurkeztu ziren, eta kopurua handituz joan zen hurrengo edizioetan.
16.000 euro inguruko aurrekontua baliatzen zuten Canal58-ko kideek ekimena antolatzeko. Horietatik 10.000 udalaren diru-laguntza baten bidez lortzen zituen. Euskal Herritik soilik ez, atzerritik ere iristen zitzaizkien lanak; Peru edota Mexikotik, besteak beste. Hala ere, ekimenak hiru urte baino ez zituen iraun. 2005ean izan zen hirugarren eta azken edizioa, Begibistan jaialdia jaio baino bi urte lehenago.