ELAk oharra zabaldu du jakinarazteko zergatik abiatuko duten Bañueta Kiroldegiko langileek greba mugagabea urriaren 17an.
Sindikatuak adierazi du 5 urtez soldata igo gabe egon ostean, zenbait proposamen aurkeztu zizkiola enpresa kudeatzaileari -Kirolzer, alegia- ekainean.
4 hilabete negoziaziorik gabe
Langile ordezkariek ziurtatu dute ez dela negoziaziorik jazo horrezkero, eta enpresak ez duela asmorik hasteko. Ezezkoaren aurrean, greba mugagabea hasiko dute hurrengo astelehenean.
Aldi berean, ELAk salatu du udalak ere ardurak badituela greban, izan ere, esleipen berriko pleguak prestatzen ari da eta, sindikatuaren aburuz, ez du bermatu nahi langileen egoera duina.
Beharginen ordezkariek nabarmendu dute erakunde publikoaren kezka izan behar dela ziurtatzea azpikontraten lan-baldintzak.
Elkartasuna
Greba deialdia dela eta, kiroldegiko 21 langileek elkartasuna eta barkamena eskatu dizkiete azpiegiturako erabiltzaileei.