Urtero bezala, aurten ere Euskal Jaia ospatuko dute Baranbion Belaiki Euskara Elkarteak eta Garrastatxuko Txosnak antolaturik.
Aurtengoan ere Euskal Jaiarekin batera Euskal Berrearen 2. edizioaz gozatu ahal izango da.
Festa larunbata goizean hasiko da eta hainbat ekintza izango dira nagusi. Horrela, eguerdiko 13.00etan hasita jai giroa nagusi izango da Garrastatxuko landetan.
Ordu horretan euskaldunon topaketa egingo da Garrastatxuko txosnan. Jarraian, 14.30ak aldera, bazkari herrikoiari hasiera emango diote.
Larunbatean ez da atsedenarako betarik egongo eta bazkalondoa giro ezin hobean jarraituko du Aitor Sarriegik eta Julio Sotok eskainiko duten bertso saioari esker.
Arratsalde eta gau partea musika giroan igaroko da. Hasteko, dantzaldia izango da “Erdizka lauetan” taldearen eskutik. Garrastatxuko Txosnan ogitartekoak jan ostean, Xarpa eta Amua taldeen kontzertuez gozatu ahal izango da.