Joseba Otaola Llano (Amurrio, 1999) gazte mailako lehen urteko txirrindularia da. Kadete mailan Luyando-Ganzedo talean izan ondoren Nafarroako Asesores de Navarran ari da. Emaitza bikainak lortu ditu bere ibilbidean zehar eta afizionatu mailara igotzeko begiz jota dauka hurrengo denboraldia.
Haur-kategorian hasi zinen txirrindularitzan. Nola sartu zinen txirrindularitzaren munduan?
Nahiz eta nire aita txirrindularia izan zen, nik, hasiera batean, ez nuen txirrindularia izan nahi. Hala ere nire anaiak etengabe animatzen ninduen kirola probatzera eta azkenean bizikleta gainean jarri eta pedalei eragiten hasi nintzen.
Aurretik futbolean jokatzen nuen baina nahiko lodi nengoen eta ez nuen kirolaz asko gozatzen. Orduan anaiak kirolaz aldatzeko eta txirrindularitzan sartzeko animatu ninduen eta eskolartekotan hasi nintzen Amurrioko taldean.
Hasieran ez nuen inor ezagutzen baina denbora aurrera joan ahala lagunak egin nituen eta gero eta hobeto ibiltzen hasi nintzenean, geroz eta gehiago disfrutatzen hasi nintzen. Lehen urtean, lasterketaren bat irabazi nuen eta txirrindularitzaz gozatzeko aukera gehiago eman zidan horrek.
Eskolartekotan hiru proba izaten dira, ginkana, mendiko bizikletarekin edo errepideko lasterketa. Zeinetan aritzen zinen hobeto?
Niretzat errepideko lasterketak ziren politenak, gainera lasterketa bat irabazi nuen. Mendiko bizikletarekin ere lasterketaren bat irabazi nuen baina errepidea nahiago dut. Ginkanan aldiz entrenatzea zen gehien gustatzen zitzaidana, ginkana lasterketa nuenean oso urduri jartzen nintzelako.
Gogoratzen dut eskolarteko azkenengo errepideko lasterketan distantzia handia atera niela nire kideei eta hortik aurrera argi nuen ni sprinterra izango nintzela.
Orduan kadete mailara pasatzean etapa menditsuak ez zitzaizkizun gustatuko?
Lehen urteaz ez naiz asko gogoratzen. Hasieran beldurra sartu zidaten gorputzean lasterketa gogorrak izango zirela esan zidatelako baina entrenatzen aurrera jo nuen eta denboraldi amaieran Arabako itzuliko etapa bat irabaztea lortu nuen.
Bigarren urtea oso ondo egin nuen. Nahiz eta sprinterra izan, Aiarako birako lehen bi etapak irabazi nituen.
Nahiz eta sprinterra izan, igotzea ere garrantzitsua dela esaten zidaten, helmugara iritsi baino lehenago dauden aldapak igo behar direlako. Azken finean, denetan ona izan behar da txirrindularia eta gero espezialitate batean nabarmendu.
Zein izan zen kadete mailako lasterketarik esanguratsuena zuretzat?
Niretzat Espainiako txapelketa. Bertan hirugarren sailkatu nintzen eta taldekako erlojupekoan ere hirugarren postua eskuratu genuen.
Kadete mailako Gaztetxoak txapelketa ere irabazi nuen. Lau lasterketa ziren, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan bana. Gipuzkoakoa irabazi nuen eta besteetan 2., 3. Eta 10. Postuak eskuratu nituen.
Guztira, errepide eta ziklokrosaren artean hamar bat lasterketa irabazi nituen, beraz urte ona izan zen niretzat.
Beraz ziklokrosean ere ibiltzen zara?
Bai. Lehen urtean Luyando-Ganzedoko entrenatzaileak bizikleta batzuk utzi zizkidan eta ziklokrosa probatu egin nuen. Ez nuen emaitza esanguratsurik lortu baina gustatu egin zitzaidan.
Bigarren urterako bizikleta batzuk erosi nituen eta urte askoz hobea izan zen niretzat. Hainbat lasterketa irabazi nituen, tartean Arabako txapelketa eta Euskadiko ziklokros kopa. Espainia mailako kopan zortzigarren sailkatu nintzen eta Espainiako selekzioak deitu egin ninduen baina bizikleta apurtu egin nuen eta 20. postua egin nuen.
Azken esperientzia hau asko gustatu zitzaidan, ezagutzen ez dudan jendearekin egon bainintzen, egun batzuk etxetik kanpo. Lagun ugari egin nituen eta errepikatuko nukeen esperientzia da niretzat.
Kadete mailatik gazte mailarako jauzia nolakoa izan zen?
Beldur gehien eman zidana portuen luzeera izan zen, kilometro askotako portuak igo behar bainituen.
Hamar kilo galdu nituen eta gimnasioa joan nintzen hanketan nuen indarra mantendu ahal izateko. Lehen lasterketatik ondo ibilitzen hasi naiz aurten, hirugarren postua, mendiko saria eta tarteko helmugak irabazita Villatuertan.
Lasterketen luzeera ere handiagoa da baina ez da asko nabaritzen. Entrenamendu luzeagoak eginez, azkar ohitu nintzen gazte mailako lasterketetara. Tropelean joatea oso erraza da baina gero lasterketak borrokatu nahi badituzu beste kontu bat da.
Gogoratzen naiz Valladolideko lasterketa batean 120 kilometro egin behar izan genituela eta bertan bai nabaritu nuela hankek nekea.
Nolatan joan zinen Nafarroako talde batera lehiatzera?
Talde serio baten bila hasi nintzen kadete mailan amaitzean. Egutegi on bat beteko zuen talde baten bila nenbilen, itzuliak eta lasterketa garrantzitsutan ibiliko zena eta horrez gain, txirrindulariak ondo zaintzen dituen talde batean ere egon nahi nuen.
Alde hortatik zorte ikaragarria izan nuen. Oso ondo zaintzen gaituzte taldean, jende ugari baitago guregatik lanean. Prestatzaile bat ere jarri digute entrenamenduak ondo egin ahal izateko. Kontzentrazio ezberdinak ere egin ditugu talde osoarekin.
Azken finean ez da talde oso garrantzitsu bat baina ondo zaintzen duen taldea da Asesores de Navarra taldea.
Nolakoa izan da aurtengo denboraldia?
Euskal Herria torneoan zorte txarra izan dut, lehen lasterketan eroriko bat izan nuelako eta azkenetarikoen artean sartu nintzen. Amurrioko lasterketan, elizako kurbetan ere erori egin nintzen hirugarren postua lortzeko sprintean sartzera nindoanean. Ondorengo lasterketetan postu hobeak joan naiz lortzen eta azkenean 8. postua lortu dut amaierako sailkapenean, gazte mailako lehen urteko bigarrena.
Gainera Espainiako selekzioarekin Trophee Centre-Morbihan munduko kopako lasterketan parte hartu nuen, niretzat esperientzia garrantzitsu bat izanik. Bertan herrialde ezberdinetako talderik esanguratsuenak batu ziren eta egungo gazte mailako txirrindulari onenekin batera lehiatu nintzen.
Hala eta guztiz ere, aurten ez dut garaipenik eskuratu eta espero dut hurrengo urtean emaitza hobeak lortzea.
Errepideko lasterketez gain, ziklokrosa ere egitera zoaz aurten.
Bai ala da. Euskal Herriko eta Espainiako Kopa lehiatzeko asmoa daukat eta gero, posible bada, Europako lasterketaren batera joatea gustatuko litzaidake, Espainiako selekzioarekin Munduko Kopako lasterketaren batera.
Hurrengo urteei begira, nola ikusten duzu etorkizuna?
Hurrengo denboraldian gazte mailan jarraituko dut. Serioago egin nahi dut denboraldia, ondoren afizionatu mailara pasatzeko aukerak handitzeko. Horrez gain hurrengo denboraldian Espainiako selekzioarekin Europako lasterketaren batera joan nahiko nuke, esperientzia polita baita.
Afizionatu mailan hala ere, ez dakit etorkizun handirik izango dudan. Portuek eta igoerek garrantzi handia dute eta niri sprintatzea gehiago gustatzen zait. Espainia mailako taldeak eskalatzaileetan fijatzen dira batez ere eta nire ustez, kanpora joatea hobea izango da niretzat.
Hori dela eta, lan asko egiteko asmoa dut datozen urteetan, Europa mailako talderen batean amaitzea baita nire asmoa. Azken finean, niretzat ez da berdina eskalatzaile batentzat edo sprint edo harbidetan ondo dabilen txirrindulari batentzat lan egitea, azken hauetan askoz gehiago gozatzen baitut eta nire aukerak ere izan ditzaket.