Frontearen sektorearen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Baranbioko Garrastatxu elkarteak, Baranbioko Administrazio Batzarraren eta Huntzgorri eta Aztarna elkarteen laguntzarekin.
Jardunaldiak irailaren 24an, larunbata, aurkeztuko dituzte Garrastatxu elkartearen egoitzan, 9:00etan. 9:30ak aldera Baranbioko Parakurze lubakia bisitatzera abiatzeko asmoa dago. Bisitaren ostean (12:30etan) Garrastatxuko baseliza bisitatuko da, ostean berriro Baranbiora jeisteko. Eguneko ibilbideak, orotara, sei kilometro izango ditu.
Altubeko lubakietara bisita
Bestalde, hilaren 25erako, igandea, Altubeko lubakietara bisita dago antolatuta. Eguneko egitarauari goizeko 9:00etan emango zaio hasiera Amarrogiko aparkalekuan (Urkillu-Ziorraga autobideko ordainlekutik kilometro batera). 9:30etan Mendizorrotzeko lubakian hitzaldi bat egongo da. Lubakiak, lehergailuengandik babesteko aterpe bat eta lau hormigoizko metrailadun habi ikusteko aukera egongo da han. 10:30ak aldera, martxa Mendizorrotzetik Altuberantza abiatuko da, Burbonako lubakiak ikusteko asmoz. Garrastatxura 14:30etan heltzea aurreikusi dute. Igandeko bisita guztien luzera hamabi kilometrokoa izango da guztira.
Antolatzaileek Garrastatxun auto bat uztea gomendatu nahi izan die parte hartzera animatzen diren guztiei, Garrastatxutik Amarrogiko aparkalekura beste lau kilometro daude eta.