Sofia Cisneros (Baranbio) Baranbioko juntako idazkaria da. Herriko juntak eta Belaiki euskara elkarteak antolatzen dituzte Baranbioko jaiak, irailaren 7tik 10era.
Baranbio handia da berez, herritik at auzo asko dituelako. Jaietako ekintzak herrian bakarrik egiten dira?
Bi leku ezberdinetan egiten dira Baranbioko Andara Mari txiki jaiak. Batetik Garrastatxun ospatzen ditugu jaiak ia egun guztietan, irailaren 10an ezik, egun honetako ekintzak herrian egiten ditugularik.
Gainera, aurten irailaren 10a larunbata denez, herriko plazan egingo dugu paella txapelketa, Garrastatxun egin beharrean.
Egitarauari erreparatuz, zeintzuk dira aurtengo Baranbioko jaietako berritasunak?
Adibidez irailaren 9an, ostiralean, Nafarroa Kanta Taldea etorriko da Baranbiora. Inoiz ez dugu horrelako talderik ekarri baina ekintza polita iruditzen zaigu, bertaratutakoek dantzatzeko eta abesteko aukera izango dutelako.
Gero dronen erakusketa bat lotu nahian gaude, modan dagoen aparatu bat delako eta interesgarria izan daitekelako. Egotekotan Baranbioko frontoian prestatu nahi dugu baina konfirmatu gabe dagoenez oraindik, ez dakit aukera izango dugun ikusteko edo ez.
Bi ekintza horiez gain, programan agertzen diren ekintza guztiak, aurreko urteetako berberak dira, ez dago aldaketarik.
Aurten, aurreko urtean bezala, ez da herriarteko herri kirol lehiarik egongo. Zer dela eta?
Aurreko urtean Lezamako taldea falta zenez, ez egitea erabaki genuen. Aurten erabaki berdina hartu dugu eta herri kirolen ordez, esku pilota partidak egongo dira jaietan. Orain dela urte asko, esku pilota partidak egoten ziren jaietan eta aurten hori errekuperatu nahi izan dugu.
Hala ere ez dugu herri kirolen kontua alde batera utzi egin nahi izan, urtero gauza berdinak egiten badituzu, jendea azkenean aspertu egiten da eta hori ekidin nahian antolatu dugu pilota partida.
Eta partida hauetan herriko edo kanpoko pilotariek hartuko dute parte?
Herrikoek irailaren 7an izango dute frontenisean parte hartzeko aukera, txupinazo egunean. Txapelketa herrikoia izan ohi da eta umeek eta helduek hartu dezakete parte.
Pilota partidara aldiz, Amurriotik etorriko dira pelotariak baina oraingoz ez dakigu nortzuk etorriko diren.
Zein da Baranbioko jaietan galdu ez duzun ekintza?
Ba agian, Patxi Perez eta konpainiaren kontzertu edo dantzaldia. Normalean Patxiren taldea doan lekura jende asko gerturatzen da eta Baranbion ere jende ugari izango da dantza egin eta ikasten, giro ederra sortuz.
Zenbat persona ari zarete lanean Baranbioko jaiak prestatzen?
Baranbioko juntan ari garenok prestatzen ditugu. Juntako lehendakaria, bi bokalak eta ni idazkaria egoten gara alde batetik eta beste aldetik, Belaiki euskara taldeak ere prestakuntzan parte hartzen du.
Azkenean juntako laurok eta elkartetik datozen bi edo pertsona bakarra aritzen gara Baranbioko jaiak prestatzen.
Herriko gazteek ere parte hartzen dute jaietan?
Gazteek asko lagundu egiten dute jaietan. Iaz bokata guztiak prestatu zituzten baina azkenean lagundu, herri guztiak laguntzen du jaiak aurrera eramaten, nahiz eta antolaketan juntakoak eta Belaiki elkartea egon.
Etorkizunera begira nerabe gutxi daude orain Baranbion baina 12 urtetik berako ume eta gazteak gehiago dira eta espero dugu nagusitzean Baranbioko jaiak prestatzen laguntzea.