Amurrioko Udalak prentsaurrekoa eskaini du gaur eta, besteak beste, iragarri du lanean ari dela 135 aparkaleku berri eskuratzeko herrigunean.
100 plaza gehiago sortzeko tokiko erakundea harremanetan dago Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailarekin, epaitegiaren atzeko aldean dagoen lorategia erabiltzeko baimena eman dezan. Udalaren asmoa da gunea asfaltatzea horretarako.
Josune Irabienek jakinarazi du aurreratuta dagoela iniziatiba. Alkateak nabarmendu du leku horiek anbulatorio berritik oso gertu egongo direla.
Frontoi Kalea
Bestalde, iragarri zuten moduan, Frontoi Kaleko bukaeran dagoen orubea aparkaleku bilakatzeko akordioa lortu du udalak jabeekin. Horrela, bertan etxebizitza berriak eraiki arte 35 plaza gehiago egongo dira.
Printzipioz, Frontoi Kaleko lanak hasi baino lehen prestatuko dituzte.