Kultura eskaintza zabala izango da aurtengo Amurrioko jaietan. Abuztuaren 12tik 17ra antzerkia, bertsolaritza, dantza edota erakusketa ezberdinak ikusteko aukera egongo da Amurrioko puntu ezberdinetan, guzti hauek adin guztiei zuzenduta.
Lehen egunean, txupinazoaren ostean, kale antzerki ibiltaria egongo da indarkeria matxistaren inguruan kontzientziatzeko, “Ante la violencia de género no pases página” izenpean, Berdintasun Arloak antolatuta.
Abuztuaren 13an, bertso-saioa izango da eguneko saiorik garrantzitsuena. Amurrioko txosnagunean Jon Maia, Alaia Martin, Xabi Igoa eta Paula Amilburu izango dira oholtza gainean eta Aintzane Irazusta izango da gai jartzailea. Saioa arratsaldeko 8retan izango da, AIEBE Amurrioko bertso eskolak antolatua.
Hurrengo egunean antzerkia izango da Larrinagako oinezkoan gunean, arratsaldeko 8retan. “Jekyll On Ice!” emanaldian izozki saltzaile bat izango da protagonista, puxika, musika eta algarekin, ikuslegoarekin duen hartu-emana nabarmentzen delarik.
Astelehenean, abuztuak 15, Aiara Dantza taldeak ohiko erakustaldia eskainiko du herriko plazan. Bertan euskal dantza ezberdinak ikusi eta ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek arratsaldeko 19:30tatik aurrera
Abuztuaren 16an dantza eta antzerkia izango dira nagusi. Eguerdiko 12:30tan aurresku eta joten 51. Txapelketa hasiko da, Aiara Dantza taldearen eskutik. Izen ematea uztailaren 18tik abuztuaren 8ra egongo da zabalik.
Arratsaldean, “Ongi Etorri, “Findemundo”kale antzerkia izango da Trapu Zaharra konpainiaren eskutik. Saioa arratsaldeko 8retan hasiko da Juan de Urrutia plazan eta bertan munduaren amaiera eta extralurtarren inguruko istorioa izango da ikusgai.
https://www.youtube.com/watch?v=upibdi_T0co
Azken egunean dantza ikuskizuna egongo da Dantzaz Konpainiaren eskutik. “Txoriak” antzezlana Mikel Laboaren unibertsona barneratzen da: askatasuna, sena eta eromena, bestearekiko harremanak, … Mikel Laboaren eta dantzaren harteko nahasketa izango da ikusgai Juan de Urrutian plazan, arratsaldeko 8tan.
Azkenik, La Casonako Erakusketa Aretoan, 50 argazki zahar handiren erakustaldia izango da jaietan zehar, Aztarna Etnologia Elkarteak antolatuta.