“Niretzat Olentzero auzolana da, hori kontatuko dut pregoian”

MANUEL PLAZA BEDMAR (Amurrio, 1962) Olentzeroren ordezkaria izan da Amurrion urte luzez. Aurten Amurrioko urrezko Guk saria jaso du eta hori dela eta, Amurrioko jaietako pregoilaria izango da.

31 urte daramatzazu Olentzero lanak egiten gabonetan. Nola hasi zinen?

Hasiera kasualitate hutsez izan zen. Soldaduzka amaitu ondoren AEKn ari nintzen euskara ikasten eta bigarren  kurtsoan ari nintzela, egun batean Laudioko Kiski agertu zen bertan. Olentzero euskaldun baten bila zebilen, Amurrion iada Ikastola bazegoelako eta aurrekoak, Floren Aldamak, ez zekielako.

MANUEL PLAZA BEDMAR (Amurrio, 1962) Olentzeroren ordezkaria izan da Amurrion urte luzez. Aurten Amurrioko urrezko Guk saria jaso du eta hori dela eta, Amurrioko jaietako pregoilaria izango da.

31 urte daramatzazu Olentzero lanak egiten gabonetan. Nola hasi zinen?

Hasiera kasualitate hutsez izan zen. Soldaduzka amaitu ondoren AEKn ari nintzen euskara ikasten eta bigarren  kurtsoan ari nintzela, egun batean Laudioko Kiski agertu zen bertan. Olentzero euskaldun baten bila zebilen, Amurrion iada Ikastola bazegoelako eta aurrekoak, Floren Aldamak, ez zekielako.

Kiski gure klasera etorri zen, Olentzero izateko mutil baten bila. Ni erabat harrituta geratu nintzen, nire klasean hamahiru kide baiginen baina hamabi emakume eta mutil bakarra ni [kar,kar].

Horrela hasi nintzen Olentzeroren lanak egiten eta egun berdin jarraitzen dut.

Eta noiz arte jarraitzeko asmoarekin?

Buf, ez dakit. Oso polita da baina zertxobait nekagarria baita, azkenaldian denbora gehiago behar baitugu dena prestatzeko. Hasieran ni kide nintzen Herriarenak koadrila zen antolatzailea eta kalejira eta Menagarai eta Ibarrara joaten ginen gutunazalekin. Hala ere, hortik zazpi edo zortzi urtera udaletxeak hartu zuen lekukoa eta gauzak aldatzen joan ziren.

Olentzero txiki sortu genuen orduan, eskolaz eskola joateko. Ekimen polita izan zen eta egun, egiten jarraitzen dugu. Azkenean Ohiturak elkartea sortu genuen eta lana handitu egin da. Adibidez, Menagari eta Ibarrara joaten jarraitzen dugu, baina bi egun ezberdinetan joaten gara, hasieran, 25ean joaten ginenean, bospasei neska ziren bakarrik baina orain 70 pertsona inguru daudenez lan gehiago izaten dugu.

Ohitura taldeak lan asko izaten du gabonetan. Nola egiten duzue prestaketa?

Niri dagokidanez, oso lan erreza da. Bizarra hazten utzi, ilea ez moztu eta kitto.

Hala ere, elkarteak lan asko izaten du, atzetik bost edo sei pertsona ari dira lanean. Dirua batzea izaten da haien lan nagusia, udalak lagundu egiten du baina hortik aparte, taberna, denda eta bankuen laguntza ere bilatu egiten dute, gastuei aurre egiteko.

Gabonetan zein izaten da zuretzat unerik polit edo gogokoena?

Niretzat, oraintxe bertan, politena Goikomendin egotea da. Han txondorra dago, txabola txiki bat eta leku zoragarria da hura. Gainera, bertan agerpena egiten dut eta sortzen den giroa asko gustatzen zait.

Orain dela zazpi urte hasi ginen han Olentzeroren agerpena egiten. Kasualitatez hasi ginen, Enkarnak txondor bat zegoela esan zigun, baina lehen urtean ume gutxi bertaratu ziren. Dena den, esperientzia ederra izan zen eta urtez urte egiten jarraitu dugu.

Ibilbide horren ostean, Amurrioko urrezko Guka jaso eta pregoilaria izango zara aurtengo jaietan.

Bai, arazorik gabe gainera, nik aspaldi galdu nuen jendaurrean egoteko beldur hori. Pregoilaria izango nintzela esan zidatenean, gustura egingo nuela erantzun nien. Hamar-hamabi minutuko pregoia izango da eta Olentzero, niretzat zer den Olentzero eta Amurrioko jaiak batu egingo ditu.

Azken finean, niretzat Olentzero ez da “El hombre del saco” bezalako pertsonaia.  Niretzat Olentzero auzolana da, lanean gauzak ondo egin, txintxoa izan, etab. Hitz batean jasangarria izatea, garaiko ikazkinek mendia txukuntzen zuten, zuhaitzak osorik ez zituzten mozten, adarrak bakarrik eta handik hona ibiltzen zirenez, bueltatzen zirenerako, kimuak iada haziak zeuden.

Horrez gain, Olentzero ere jaia da eta pregoian txikitan eta Herriarenak koadrilan nengoenean, jaiak nola bizitzen nituen ere kontatzen dut.

Pregoia nik prestatu dut, baina zuzentzen lagundu didate. Gero, hizkuntza aldetik zatikatua izango da, zati batzuk erdaraz eta beste batzuk euskaraz irakurriko ditut.

Jaietan ekintza edo egun bereziren bat duzu?

Badut egun berezi bat. San Rokeren errepikapen eguna asko gustatzen zait, San Roken lagun eta auzokideekin eguna pasa, bazkaldu eta sortzen den giroa asko maite dut.

Ostean, dagoen erromeria, guretzat bakarrik den erromeria da eta lekua, giroa eta batzen den jendearekin, egun politena da niretzat.

Urte askotan zehar bizi izan dituzu Amurrioko jaiak. Gaur egun zer botatzen duzu faltan herriko jaietan?

Ni Herriarenak koadrilan nengoenean, gaueko ordu txikitan kalejirak egiten ziren jaietan. Beti agertzen ginen berdinak, koadrila ezberdinetako hogei lagun inguru eta oso ondo pasatzen genuen. Tabernaz taberna ibiltzen ginen, plazara joaten ginen edatekoarekin eta ez ginen ezta etxetik pasatzen ere, txokoan geratzen ginen lotan.

Orain guztiz ezberdina ikusten dut egoera, alaba bat daukat eta gainera, lan egiten dut abuztuan, orduan asteburua aprobetxatzen dut gehiago astean zeharrekoa baino.

Musikaren alorrean aldaketarik ikusten duzu lehengo eta gaurkoaren artean?

Aldaketaren bat bai ikusten dudala. Lehen euskaldun taldeek jotzen zuten edo entzuten ziren jaietan batez ere. Gaur egun, aldiz, kanpoko musika gehiago entzuten da, hori asko nabaritu dut.

Ez diot ez ona ezta txarra denik, baina bai ezberdina. Nire ikuspuntutik horrela ikusten dut, baina nire ustetan herriko edo inguruko taldeek presentzia gehiago eduki beharko lukete.

Musika estilo ezberdinen aldetik zein duzu edo zein izaten zenuen gogokoen?

Ez da estilo kontua, gogoak baizik. Nire garaian, punka, rocka, etab. Entzuten ziren eta gaur egun beste estilo asko dago kalean entzungai. Ezberdina da, baina jaietan ez zaitu musikak mugitzen, gogoek baizik.

Ibilbide luzea izan duzu Olentzero lanetan. Urte asko pasa ondoren, zer azpimarratu nahi duzu?

Batez ere, eskerrak eman nahi dizkiot Amurrioko jendeari. Nire atzetik Ohiturak eta Skautak lan asko egiten dute, baina Amurrioko herritarrak nire atzetik etortzen ez badira, Olentzeroa akabo.

Amurriokoa naiz betidanik eta hemen, herrian oso gustora nago amurrioarrekin batera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide