Egitarau oparoa prestatu du Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak datorren larunbatean, hilaren 30ean, ospatuko den Jai Herrikoien Aldeko Egunerako.
Goizeko 09:00etan Herriko plazatik irtengo den mendi martxarekin emango diote hasiera egunari. Mendi irteera 14 kilometrokoa izango da eta Pardiotik Kuskumendi, Goikomendi eta Aldamarantza abiatuko da.
Behin Kuskumendira helduta, bertan jai herrikoien aldeko argazkia atera partaide guztien artean eta hamaiketakoa egingo da, Amurriorantz buelta egin aurretik.
Mendi irteera bukatu bezain pronto, eguerdiko 12:00ak aldera, Amurrioko parkean tokiko produktuetako ekoizleen eta artisauen azoka prestatu du batzordeak. Goizeko egitarauari amaiera emateko, 14:30ean herri bazkaria egingo da Jai Herrikoien Aldeko Egunaren partaide guztien artean.
Arratsaldeari dagokionez, herri bazkariaren ostean, 16:30ak aldera, Perdido Entre Ilusiones bakarlari amurrioarra igoko da taulara Amurrioko Parkean bertan kontzertuetarako atonduko den gunean eta, 18:30ak aldera, Astarte talde amurrioarra.
Eguna amaitzeko, kontzertuetarako gunean bertan Jam Sessionaren txanda helduko da animatzen diren partaide guztientzat.
Jai Herrikoien Aldeko Egunerako bonoak jadanik salgai daude Amurrioko Txokogorri tabernan, 12 euroren truke. Bonoarekin batera kamiseta bat oparituko da larunbatean bertan.