Meridan izandako Espainiako eskolarteko txapelketan hiru aiaraldearrek hartu zuten parte larunbatean eta Luisa Ibarrolak mendi bizikletako kategorian garaipena eskuratu zuen.
Nagusitasun handiarekin garaitu zuen txirrindulari saratxoarrak
Mendi bizikletako lasterketa Proserpinako urtegian jokatu zen eta bertan markatutako ibilbideari 3 bira eman behar zioten kirolariek.
Hasieratik Luisa lasterketaren buruan jarri zen eta Monica Varasekin batera lasterketaren jaun eta jabe izan zen. Hala ere, saratxoarrak ez zien aukerarik eman aurkariei eta bera bakarrik aurrera egitea lortu zuen, nahiz eta madrildarrak eta Lidia Fuentesek Luisa harrapatzea lortu zuten.
Hiru txirrindulariak batu ondoren, Luisak behin betiko erasoa jo zuen eta poliki-poliki tarte handiagoa zabaltzen joan zen. Azkenean 42 segundu atera zizkion Monica Varas madrildarrari eta 2 minutu eta 3 segundu Estibaliz Sagardoy nafarrari.
Garaipen honekin denboraldi bikaina ari da betetzen txirrindulari saratxoarra, Espainiako Ziklokros txapelketa eta Euskadiko erlojupeko lehiaketa irabazi ostean.
Uxue Albizuak eta Asier Castillak haur-kategorian lehiatu ziren
Larunbat goizean Ginkana txapelketa izan zuten eta arratsaldean errepide lasterketak izan ziren.
Uxue Albizuak 26. postua eskuratu zuen Ginkanan, irabazlearengandik 20 segundotara. Asier Castilla, berriz, 47. geratu zen, lehen postutik 24 segundotara.
Arratsaldeko errepide lasterketan 39. sailkatu zen Uxue Albizua amurrioarra eta 18. Asier Castilla urduñarra.