Julen Latorre amurrioarrak nazioarteko mailako Superprestigio MTB txapelketa irabazi zuen pasa den igandean Lizarran lidergoari eutsi ondoren. Lasterketa estua izan zen, amurrioarrak 30 puntuko aldea bakarrik baitzuen.
Lehiaketan jaun eta jabe izan zen Jofre Cullell Megamo taldeko txirrindularia baina interesgarriena atzetik zetorren Julen eta Yeray Jimenez arteko lehian. Azkenean Aiarabike taldeko amurrioarra hirugarren sailkatu zen, Yerayren atzetik, baina sailkapeneko errentari eutsi egin zion eta azken lasterketa izanik, lehiaketako garaipena erdietsi zuen.
Emakumezko kadeteen kategorian Luisa Ibarrola garaile
Luisa Ibarrola saratxoarrak ere Lizarrako lasterketan parte hartu zuen, bere kategorian garaipena eskuratuz. Bizikleta.com taldeko txirrindulariak Superprestigio txapelketako garaipena lortzeko aukerarik ez zuen, Tibiko lasterketan ez baitzuen parte hartu.
Garaipen garrantzitsua Julen Latorrerentzat
Superprestigio MTB txapelketa Nazioarteko txirrindularien batasuneko (UCI) egutegian dago sartuta UCI C2 kategoriapean; hori munduko bigarren maila nagusian egonik, munduko txapelketak bakarrik gainditua.
Horrela, Julen Latorrek eta Luisa Ibarrolak lortutako garaipenak garrantzi handiko lorpenak dira, banatzen diren UCI puntuak kontuan izanda. Gainera partaidetza ere kontutan hartzekoa da, mendiko bizikletan aritzen diren txirrindulari on askok hartzen baitu parte.