“Idomenin geundela gas negar-eragileak erabili zituzten umez betetako gune batean”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko eka. 22a, 08:06

ALBERTO GRACIA CELAYA (Zaragoza, 1987) txikitatik bizi izan da Amurrion. Medikua da ofizioz, eta mediku moduan aritu izan da Idomeniko (Grezia eta Mazedoniaren arteko mugako) errefuxiatuen kanpalekuetan. Bertan bizitakoak kontatu ditu (elkarrizketa hau kanpaleku horien desalojoak hasi baino lehen eginikoa da).

ALBERTO GRACIA CELAYA (Zaragoza, 1987) txikitatik bizi izan da Amurrion. Medikua da ofizioz, eta mediku moduan aritu izan da Idomeiniko (Grezia eta Mazedoniaren arteko mugako) errefuxiatuen kanpalekuetan. Bertan bizitakoak kontatu ditu (elkarrizketa hau kanpaleku horien desalojoak hasi baino lehen eginikoa da).

Zerk bultzatu zintuen mediku boluntario gisa aritzera? Nola amaitu zenuen Indomeinin?

Guztiei gertatzen ari zaiguna gertatu zitzaidan: egunero gaude telebistan errefuxiatuekin loturiko irudi gogorrak ikusten, behin eta berriro, eta ikusten dugu gobernuek ez dutela ezer ez egiten. Egun batean apur bat arraroago altxatu nintzen, Idomeinin zenbat ume pilatzen ari ziren ikusi nuen, eta hasiak zirela osasun arazoak izaten. Orduan pentsatu nuen ni medikua izanda agian nire laguntza bertan baliagarria izan zitekeela.

Interneten bilatzen hasi nintzen. Orduan konturatu nintzen zein indartsuak diren sare sozialak, ordura arte ez bainituen erabili izan. Ikusi nuen posiblea zela bertara joatea, hasiak zirela boluntario independenteak antolatzen. Hitz egin nuen nire ospitale berean lan egiten duen neska batekin eta biok hartu genuen hegazkina, oraindik guztiz argi izan gabe nola lagundu ahalko genukeen bertan. Behar zer horretan laguntzeko prest geunden, izan mediku moduan edo ez.

 

“Gure hasierako asmoa Lesboseko irletara joatea zen, bertara iristen zirelako errefuxiatu guztiak”

 

Baina juxtu aste horretan Europaren eta Turkiaren arteko “lotsaren akordioa” sinatu zuten, eta horren ondorioz ez zen errefuxiatu gehiago iritsi bertara, eta jada bertan zeudenak Idomeinin pilatzen hasi ziren. Orduan ikusi genuen gure laguntza askoz beharrezkoagoa izango zela bertan, eta orduan erabaki genuen Idomeinira joatea, bidaia hasi baino bi egun lehenago.

Zer topatu zenuten Idomeinin? Nolakoa izan zen lehen inpresioa?

Oso oso gogorra suertatu zitzaigun. Gu iritsi aurreko egunetan euria egiten egon zen, eta heldu ginenean dena zen lokatza. Gehien eragin gintuena zera izan zen: dena umez beteta zegoela. Lokatzean jolasten ari ziren, alai. Seguru asko ez zuten buruan izango zer ari zen gertatzen.

Gogorra izan zen baita ikustea kanpin denda guztiak bustiak zeudela, eta horietako asko apurtuak.

Nolakoa izan zen bertan egin zenuten lana? Zer arazori egin behar izan zenieten aurre?

Gu bertara iritsi ginenean ez genekien nola lagunduko genuen. Atenaseko aireportuan “Bonberos en acción”-ekin egin genuen topo. Gobernuz Kanpoko Erakunde hori ospetsu bilakatu da azken egunetan, paralisia zuen haur bat bertatik hona ekarri dutelako.

Kanpin-dena nahiko handi bat zutela esan ziguten eta Idomeini erdian jarri nahi zutela, baina ez zekiten oso ondo zertarako erabili. Orduan proposatu ziguten ospitale moduan erabiltzea, eta guk baietz. Hala egin genuen: denda hainbat zatitan banatu genuen, kontsulta bat baino gehiago egiteko. Botika bat ere sortu genuen.

Medizinak lortzea izan zen lehen erronka.

 

“Guk hainbat diru eraman genuen bertara, gure senide, lagun eta auzokideek emandakoa. Diru horrekin hasi ginen behar genituen tresneria eta botikak erosten”

 

Ospitalea irekitzera gindoazenean, baina, konturatu ginen bazegoela beharrezkoa genuen beste zerbait: itzultzaileak. Kanpalekutik itzuli bat egin genuen, topatzen genuen jende orori esanez ospitalea irekiko genuela eta osasun arazoak bazituzten bertaratu zitezkeela. Hortaz gain, itzultzaileak behar genituela ere esan genien.

Errefuxiatuek ezer egin gabe igaro behar izaten dituzte egunak, eta horregatik beti zeuden guri edozertan laguntzeko prest. Erraz lortu genituen itzultzaileak: arabieraz, kurdueraz zein pertsieraz mintzatzen zirenak... guztiak genituen beharrezko.

Nondik zetozen Idomeinin pilatutako errefuxiatuak? Nora iristeko esperantza zuten?

Asia mendebaldean hainbat herri daude arazoak dituztenak. Gerran daude batzuk, Siria adibidez. Beste batzuetan ez dago gerra deklaraturik, baina Siria bezain arriskutsuak dira.

Errefuxiatuen gehiengoa Siriakoak, Irakekoak, Afganistanekoa, Pakistanekoak eta Libanokoak ziren. Guztiei gauza bera gertatu zaie: euren herrialdetik alde egin behar zian dute. Ez dute euren herrialdean atzean utzi nahi baina horretara derrigortuak egon dira.

 

“Denak zetozen Turkiatik, eta denek jarri zuten euren bizitza arriskuan Egeo itsasoa zeharkatu eta Greziara iristeko”

 

Mafiekin egiten dute hori, eta ordaindu dezaketenaren araberakoa izango da bidaiaren segurtasuna. Diru gutxiago ordainduz gero itsasoa zakarren dagoen unean egiten dute bidaia, euria egiten duenean, euren bizitzak arriskuan askoz gehiago jarriaz.

Irletara iristean ferry bat hartzen dute Atenasera iristeko. Oraindik diru apur bat dutenek busa hartu dezakete Mazedoniako mugara iristeko, dirua ez dutenek oinez egiten dute bidea.

Europara iristeko pasabide bat zen lehen Idomeini. Baina Europak, munduko erregea balitz bezala, hortik jende gehiago pasako ez zela erabaki zuenean, hesi metaliko ikaragarri bat jarri zuten, Marokoko mugan daudenak bezalakoa, kontzertinaz betea. Jendea oztopo horrekin topatu zen bat-batean, eta orduan bertan geratzen hasi ziren, soinean zutenarekin baino ez.

Europara iristea da pertsona horien guztien asmoa, eta guztiek dute buruan sartuta Alemaniara joan behar dutela. Badakite hor langabezia gutxiago eta diru gehiago dagoela.

 

“Gainera, euretako askok senideak dituzte jada Alemanian, Austrian edota Suitzan (batez ere), duela zenbait urte bertara bizitzera joandakoak edo azken hilabeteetan bertara iristea lortu dutenak”

 

Horregatik, erabat apurtuak daude errefuxiatu askoren familiak: kide batzuk Alemanian daude, beste batzuk Idomeinira iristea ere lortu ez duten bitartean.

Nolakoa zen kanpalekuko egunerokotasunean bizi zen egoera?

Errefuxiatuak Idomeinira iritsi eta hesi batekin topo egin zutenean bertan pilatzen hasi ziren. Esan behar dut Idomeiniko errefuxiatu guztiak oso oso baketsuak direla, ia erdia umeak dira, eta ez dute inolako agresibitaterik. Esan beharra dut baita Greziako poliziak normalean nahiko baketsuak izaten ari direla. Normalean bertan egotera mugatzen dira, gutxi daude eta ez dute probokatzen. Baina ulertu egin behar dugu egoera oso gogorra ari dela izaten eta, leku guztietan bezala, badago urduri jartzen den jendea.

 

“Gainera, ez dakigu zergatik baina mugak irekiko zirenaren zurrumurruak zabaltzen ziren astero. Hori dela eta, Atenasetik jende uholdea gerturatzen zen mugara”

 

Egun horietan tentsioa ikusten zen. Pertsona asko mugetara hurbiltzen ziren, benetan uste zutelako ireki egingo zirela. Hor polizia apur bat urduri jartzen zen, jendea atzerantz botatzeari ekiten zion. Orduan, poliziaren aldera harriren bat erortzen zen eta hauek gas negar-eragileekin erantzuten zuten orduan. Egon dira azken hilabeteetan hiru edo lau egoera nahiko gogorrak. Gas negar-eragileak bota izan dituzte umez betetako gune batean, eta hor bai bizi izan direla tentsioz betetako une batzuk. Gasaren eraginez ezin dute arnasa hartu. Negarrez hasten dira, begietan sekulako azkura izanda. Gure erizaintza postuan bizi izan genituen halako une batzuk. Ez genuen halakorik lehenago bizi izan, eta ez genekien nola tratatu behar genuen.

 

“Internet oso azkar kontsultatzen moldatu behar izan ginen gasagatik gurera zetozen errefuxiatuak artatzeko”

 

Eurek badakite itxaron behar dutela. Europak asiloa eskatzeko esaten die, eta asiloak eman ahala hasiko direla etortzen. Europak horretarako konpromisoa hartu du. Baina lotsagarria da zein geldoa den asiloa eskatzeko sistema. Gaur egun, errefuxiatuek asiloa eskatzeko duten bide bakarra skype aplikazioaren bidezkoa da. Hori jada sekulako barrera bat da, eurena ez den hizkuntza batean egin behar dutelako eskaera eta skype bidez hitz egitea ez delako aurrez aurre hitz egitea bezalakoa.

Gainera, bide hori astean hiru egunez baino ez dago irekita, eta egun bakoitzean ordu batez baino ez. Ez du funtzionatzen, ordu horietan sistema guztiz kolapsatu egiten delako. Oso sistema txarra da. Horrek desesperazioa eragiten du, gehienek ez dutelako oraindik asiloa eskatzeko aukerarik izan. Gainera, behin asiloa eskatuta 5-6 hilabete itxaron behar dituzte erantzun bat jasotzeko. Haiek bizi duten egoeran pentsaezina da denbora hori itxaron ahal izatea. Hori dela eta, asko dira mafiekin muga zeharkatzen saiatzen direnak, gauez eta autoen bidez. Baina Mazedonian polizia guztiz prestatua dago eta ia beti harrapatzen dituzte. 1.000-2.000 euro ordaintzen dituzte saiakera egiteagatik eta ia beti Idomeinin amaitzen dute berriz.

Idomeiniko egoera luzerako doala uste duzu?

Ziur nago Idomeiniko egoera ezin dela luzatu (elkarrizketa hau kanpalekua desalojatua izan baino lehen egindakoa da). Grezia horretan dihardu. Hainbat akanpaleku militar sortu ditu herrialdean barrena eta bere asmoa da errefuxiatuak gune horietara eramatea. Hasiak dira errefuxiatuei kanpaleku horietara boluntarioki joatea eskatzen.

 

“Nik hainbat errefuxiaturekin hitz egin dut eta esan izan didate kanpaleku militar horietan jasotzen duten tratua askoz txarragoa dela eta janaria edota osasun zerbitzua askoz kaskarragoak direla, bertara ez dutelako laguntza humanitarioa sartzen uzten”

 

Horregatik, eurek nahiago dute oraindik Idomeinin geratu. Gainera, oraindik uste dute noizbait muga ireki egingo direla, gu behin baino gehiagotan saiatu garen arren azaltzen ez dela halakorik gertatuko.

Nik badut itxaropena Europa konturatzearena Turkiarekin duen akordioak ez duela funtzionatzen, eta espero dut hurrengo hilabeteetan Grezian dauden errefuxiatu guztiak Europara iristea.

Aiaraldera ere errefuxiatuak iritsiko zirela esan zen duela zenbait hilabete, baina momentuz ez dira iritsi.

Nire inguruan ikusten dut hemengo jendea prest dagoela errefuxiatuak ekartzeko. Jendeak nahi du errefuxiatuak etortzea, eta badaude bere etxean hartzeko edo ekonomikoki laguntzeko prest daudenak ere. Baina ulertu behar dugu hau arazo politiko bat dela.

Ni hemen (Amurrion, Aiaraldean) egiten saiatzen ari naizena zera da: jendeari ulertarazten zorte handia dugula eta pribilegiatu batzuk garela. Horrelako egoera bat eman zen hemen behin, eta ez dakigu noiz eman daitekeen berriro.

 

“Nik jendea gaiarekin kontzientziatua ikusten dut, baina arazoa bada politikoki Euskadik ez duela oraindik ezer egin Espainiak ezer egiten ez duelako eta Europak ezer egiten ez duelako. Guztiak daude Europak erabaki bat hartzearen zain”

 

Ez dakit zer behar den erabaki hori hartzeko. Kanadak, adibidez, egin du. Kanadako presidenteak esan zuen bera boterera iristen bazen 25.000 errefuxiaturi emango ziela asiloa, eta hala egin du azken hilabeteetan. Oso azkar egin du, arazorik gabe eta jendearen partetik oso harrera ona jasoaz. Horrek erakusten du posiblea dela egitea.

Ez dut ulertzen. Espainian berriz ere gaude hauteskunde kanpainan eta inortxok ere ez ez du errefuxiatuen afera nola konponduko lukeen aipatzen. Horrek bai kezkatzen nauela izugarri.

Idomeinin zegoen gauza gogorrenetariko bat bazen umeak leku guztietan ikustea eta gero baita ilarak ikustea. Bertan egunero egin behar dituzte ilarak: komunera joateko, dutxetara joateko (orain dutxak baitaude, lehen ez bezala), arropa berria jaso edota janaria lortzeko. Batzuetan bi orduko ilarak izan daitezke. Batzuei oraindik dirua geratzen zaie, baina beste askorik ez. Horrek esan nahi du laguntza humanitarioarekiko erabat menpekoak direla.

Idomeinira iritsi nintzen lehen aldian 12.000 pertsona inguru zeuden bertan. Egiten nuena zera zen: Amurrioko biztanleria osoa (nire auzokide, senide eta lagunak) imajinatzea bertan sartuta, jan ahal izateko ilarak egiten, lurrean lo egiten (horrek dakartzan bizkarreko arazo guztiekin), erabat bustita euria egiten duenean edo kiskalita eguzkia egiten duenean... asko eragiten ninduen irudia zen hori, guri ere gertatu ahal izan litzaigukeelako.

Ez dut ulertzen nola egon daitekeen jendea uste duena ezin direla errefuxiatuak hona etorri, hemen jada nahiko gaizki gaudelako. Euren egoerarekin alderatuta, gurea ezin-hobea da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide