Urte luzeko prozesua bukatuko da bihar, neurri batean, Aldai kaleko gasolindegia behin betiko itxiko baitute. Enpresak hurrengo asteetan bermatu beharko du lursaila kutsatuta ez dagoela, Amurrioko Udalaren esku utzi baino lehen.
Antza, tokiko erakundeak errotonda eraiki nahi du bertan, ibilgailuen trafikoa hobeto erregulatzeko. Gasolindegiko langileei dagokionez, hedabideek azaldu dute 8 beharginetik bat langabe geratuko dela eta gainerakoek beste enpresako beste zerbitzuguneetan banatuko dituztela.
Gasolindegi berririk ez
Gasolindegia kudeatzen duen enpresak saiakerak egin ditu berria irekitzeko, baina negoziazioek ez dute emaitza onik lortu. Hortaz, printzipioz, ez dute azpiegitura berririk egingo, proposatutako kokapen berriak ez baitziren bideragarriak.
2009an abiatutako auzia
Enpresak 50 urtez lursaila doan erabiltzeko aukera izan ostean, 2009an udalak eskatu zion lekua lagatzeko. Horren ondoren, zenbait epaiketa jazo dira eta guztiak erakundeak irabazi ditu.