IÑAKI BEA JAUREGI (Amurrio, 1978) Eibar futbol taldeko 2. entrenatzailea da. Jose Luis Mendilibarren esanetara lan egiten du eta aurreko denboraldiko helburua, lehen mailan irautea, lortu ondoren urte baterako kontratua berritu dute Gipuzkoako taldean. Aiaraldean hasi zen futbolean eta lehen mailan jokatzeko aukera ere izan zuen. Azkenean atzerrian jokatu ondoren, futbola utzi eta bigarren entrenatzaile lanetan ari da orain.
Aiaraldeko talde ezberdinetan hasi zinen futbolean. Nola bizi izan zenuen zure lehenengo urteak futbolean?
Garai onak izan nituen Laudio eta Amurrion baina Laudion jokatzen nengoela inoiz ahaztuko ez dudan kontu bat gertatu zitzaidan.
Igerilekuan bi lagunekin nengoela, Josu Bellido eta Raul Ramosekin, azken hau Amurrioko lehen taldean ari zela bigarren B mailan. Josuk Rauli Amorebietan jokatzeko aukera proposatu zion Amurrion jokatzeko aukera gutxi zituelako eta orduan ni bertan nengoela, nire burua eskaini nuen proba egiteko eta ea futbola jokatzen nuen galdetu zidaten.
"Laudion lehentasunezko mailan ari nintzela esan nien eta hortik azkenean Amorebietara joan eta nire futbol ibilbidea markatzen duen gertaera izan da hau, egun horretan igerilekuan egon izan ez banintz, agian ez nintzelako inoiz futbolean heldu naizen lekuraino iritsiko."
Eskualdean aritu ondoren Espainia osotik ibili zara talde ezberdinetan jokatzen, lehen mailara iritsi arte. Nola lortu zenuen maila txikietatik lehen mailaraino iristea?
Ba nire kasuan ez ohiko futbol jokalari bat naiz. Kasualitatearen ondorioz, gauzak ondo joan eta heldu naizen tokira heldu naiz. Hasteko Carlos Oruek zuzentzen zuen Ciudad de Murcia taldea nire postuan jokatzen zuen futbolari baten bila zebilen eta Carlos Cadizen zegoenean, 2001. urtean Amurrioren kontra jokatu zueneko partida batetan, nire jokatzeko era gustatu zitzaion eta Amurrioko taldearekin akordio batera iritsi ondoren han hasi nintzen jokatzen.
Lau hilabete pasa nituen bertan eta bigarren mailarako igoera lortu genuen. Hurrengo urtean Juanma Lillo iritsi eta nirekin kontatzen ez zuenez Lorcara joan nintzen. Bertan, Unai Emery izan zuen logela kide baina urte bat pasatu ondoren, belaunean lesio bat izan ostean, taldeak entrenatzaile postua eskaini zion, futbola utzi eta Lorcako taldea zuzentzen hasi zen. Denboradi ona egin eta bigarren mailarako igoera lortu genuen Real Union kanpoan utzita.
Bigarren mailan urte bat jokatu ondoren Valladolidera joan nintzen. Bertan , Jose Luis Mendilibar nuen entrenatzailea eta lehen urtea ona izan zen lehen mailarako igoera lortuta. Ondoren bi urte jokatu nituen lehen mailan baina iada ez nuen partida askorik jokatzen eta Murtziara bueltatu nintzen.
Murtzian ez nuen futbolaz gozatu, ez nengoen gustora eta azkenean kontratua eten eta atzerrira joatea erabaki nuen.
Eta atzerrian nola bizi izan zenuen futbola?
Eskaintza ezberdinak nituen mahai gainean Espainiako futbola uztea erabaki nuenean. Eskaintzak aztertu nituenean, ez nuen mertzenario baten menpe egon nahi ezta gustatzen ez zitzaidan herrialde batera joan, Txipre edota errumania kasu.
"Azkenean Austriara joatea erabaki nuen, bertan bi urte igaro nituen eta oso pozik nago hartu nuen erabakiarekin. Hala ere taldea gaztetzea erabaki zuen talde teknikoak, nik ere nire aroa han amaitua zegoela uste nuen eta beste pauso bat ematea erabaki nuen."
Alemania ezagutu nahi nuen, nola lan egiten zuten ikasteko eta leku berri bat ezagutzeko eta Stuttgart ondoko hiri batera joan nintzen, Pforzheim izenekoa, Gernikarekin senidetua dagoena.
Bertan ez nuen kirolaz gozatu, ni ere ez negoen gustora eta futbola utzi eta futbol ordezkaritza enpresa batean lan egiten hasi nintzen Alemanian. Jokalari ezberdinekin egin nuen lan bertan baina azkenean Jose Luis Mendilibarrek deitu eta berarekin hasi nintzen lanean bigarren entrenatzaile gisa Levante futbol taldean.
Nola moldatu zinen bizimodu eta hizkuntza berriarekin?
Austria eta Alemaniara inorren konpainiarik gabe joan nintzen eta argi neukan bakarrik joatean alemanieraz mintzatu beharko nuela, azken batean norbaitekin joan izan banintz, etxean gazteleraz edo euskaraz mintzatuko genuen eta ez zen berdina izango.
Gainera argi nuen kanpora joatean beste kultura eta hizkuntzak ikastera joango nintzela eta futbolari esker, Alemaniako hizkuntza ikasteko irakasle bat eduki nuen, etxea, kotxea eta dirua irabaztearekin batera.
"Horrek erraztasun asko eman zizkidan moldatzerako orduan eta gainera alemaniera lotu edo gorrotatzen duzun hizkuntza bihurtzen da, nire kasuan, erabat lotu egin ninduena. Horrekin bat, internet bidez ere ikasi egin nuen eta aldageletan, herrian, azken finean, leku guztietan alemanieraz hitz egiten zenez, ba errazago ikasi nuen."
Bizipen guzti horiek izan ostean, Eibarren amaitzen duzu bigarren entrenatzaile lanetan Jose Luis Mendilibarren taldean. Nola da Mendilibarrekin lan egitea?
Nik Valladoliden jokatzen nuen garaian ezagutu nuen eta hiru urtez egon ginen elkar. Bion filosfia antzekoa da futbolaren munduan, niri asko gustatzen baitzait berak nola ikusten duen futbola eta horren ondorioz, bien harteko bizikidetasuna errazagoa da.
Nagusia ere nagusi ona da bera, bere inguruan dauden pertsonak ondo zaindu eta defendatzen ditu eta guri gehiago exijitu behar digunean arazorik gabe eskatu egiten digu.
"Pertsona handia da niretzat Mendilibar, exijitu behar duenean exijitu egiten duelako eta festa eman behar duenean festa ematen duelako eta gainera futbola ikusi eta bizitzeko modua antzekoa dugunean, guzti hori askoz errazagoa da."
Lan egiteko era ere berdintsua dugu, entrenamenduak prestatzeko eta egiteko era antzekoa baitugu.
Horrez gain asko ikasi eta ikasten dut harekin, berak esperientzia asko baitu eta taula asko ditu taldeko kideak eta jokalariak kudeatzeko. Gainera hamar urte daramatza gutxi gorabehera entrenamendu metodologia bera lantzen, lan espezifikoa egin beharrean, modu orokor batean egiten dugu lan taldearen jokoa definitzerako orduan. Beraz oso ondo daramat Jose Luisekin lan egitea.
Aurreko denboraldiko helburuak lortuta hurrengo urterako kontratua berritu duzue. Nola lortu duzue helburua lortzea hain txikia izanda?
Talde berri bat osatu genuen, gehien jokatu dutenen artean Dani Garcia, Saul eta Ander Capa izan ezik besteak fitxaketak izan zirelako. Entrenatzailearen gustoko jokalariekin lan egin dugu, jokalari apal eta langileekin, arerioa estutzen dute eta irabazteko nahi handiarekin etorri dira.
"Aldageletako giroa ere paregabea izan da, denok elkarrekin gustora egin baitugu lan, jokatu ez dutenek egoera ulertu eta taldearen alde lan asko egin dute eta alor guzti horietan zorte ona izan dugu gure helburuak lortzerako orduan."
Gainera ustez baino errazago lortu dugu helburua, denboraldian zehar hamar eta hamabi puntu tartera izan ditugu jaitsiera postuak eta bost jadunaldiren faltan salbazioa gure eskuetan zegoela ikustean ba positiboki baloratu dugu denboraldia.
Hurrengo urtera begira nola ikusten duzu taldea?
Taldea ondo ikusten dugu, azkenean Borja Bastonen bajaz aparte beste guztiak Eibarren geratuko direlako, orduan, taldea mantentzea primeran ikusten dugu lanean jarraitu ahal izateko eta ez gara fitxaketa berrien bila ibili behar.
Hala ere urte zaila izango da hurrengoa, ez baitugu aurreko denboraldian bezain erraz ikusten. Aurrekoan taldea ondo hasi zen, lehen itzuli bikaina eginez baina hurrengoa ez dut uste hain erraza izango denik. Partidak lehiatuko ditugu hurrengo urtean ere helburuak lortu ahal izateko.
Zure etorkizunari begira, orain bigarren entrenatzailea izanik, talde bateko lehen entrenatzailea izatea gustatuko litzaizuke?
Gaur egun ez dut ikusten, Mendilibarrekin oso ondo bainago, berarekiko fideltasuna mantendu nahi dut berak asko eman baitit eta nirekin kontatzen duen momentu guztietan harekin egongo naiz lanean.
Bestetik, nahiz eta nire burua kapaza izango zela jakin, ez da erreza talde oso bat aurrera eramatea. Ez dauka bigarren entrenatzailearekin zerikusirik eta azken finean ez dut oraingoz nire burua hortan ikusten.
"Gero etorkizunean, Jose Luisek ez badu nirekin kontatzen edota beste edozergatik, bakarrik hasi beharko naiz lanean edo beste zeozertan hasiko naiz lanean, batek daki. Alemanieraz hitz egiteko abantaila dudanez, nire lanerako eremua zabalagoa da baina jende asko dago futbolaren munduan lanean eta lehiakortasuna oso handia da, beraz zaila da."
Azkenean erabakitzeko unea heltzen denean hartuko dut erabakia eta momentua iritsi arte lanean eta ikasten jarraituko dut, edozer gertatzen bada unerako prest egoteko. Atzerrira joan behar banaiz Austriara gustatuko litzaidake bueltatzea, oso urte onak bizi izan bainituen bertan eta lan egiteko metodología ere oso gustokoa bainuen.
Inguruko taldeek harrobia asko zaindu eta lantzen dute. Nolakoa da Eibarreko harrobia?
Arazo ekonomikoen ondorioz, orain dela urte batzuk Eibar taldeak harrobiko taldeak alde batera utzi behar izan zituen, klubaren bideragarritasuna mantenzeko.
Hala ere orain lehen mailan egonik, harrobia lantzen hasi da taldea, Araban talde filial bat izanik. Bertako jokalari batzuek lehen taldean jokatzeko aukera izan dute baina ez dute lehen taldean mantentzeko aukerarik izan, partidu soltetan jokatzeko aukera izatea bakarrik.
Nahiz eta jokatzeko aukera askorik ez izan, asko lagundu gaituzte. Lehen taldean mantentzea zaila da baina aukerak izaten joatea onuragarria izan da haientzat eta baita guretzat ere. Kopa txapelketan lagundu gaituzte, ligako hainbat partidatan ere jokalari ezberdinen lesio eta bajen ondorioz.
"Azken finean harrobiaren lanketa epe luzerako proiektu bat izan behar da, lanketa on bat prestatu behar da eta aurten, gure filialak, denboraldi ona egin du hirugarren mailan, 5. geratu dira eta hurrengo urtera begira, bigarren B mailarako igoera jokatzea izango da helburua."
Gaur egun zaila da gure harrobiko jokalari baten alde egitea, talde berria baita baina espero dugu urte batzuk pasa ostean Eibar taldeak harrobi on bat izatea eta gazteek Eibarren jokatzeko aukera gehiago izatea.
Leku, herri, hiri askotan jokatu duzu futbolean, zein lekurekin geratuko zinateke?
Leku asko gustatu zaizkit. Murtziarekin geratuko nintzateke akaso, maila altu batean jokatzeko aukera izan nuelako bertan, herritik kanpo bizitako lehen esperientzia izanik eta bertan bost urte igaro nituen guztira, denak oso gustora.
Valladoliden pasatako hiru urteak ere oso onak izan ziren. Etxetik gertuago nengoen, kultura aldetik ere Murtziakoek baino ezberdintasun gutxiago dituzte bertakoek, klima ere antzekoa izan daiteke. Kirol aldetik ere asko gozatu nuen, lagun onak egin nituen han, nahiz eta batzuk jende hotza direla esan.
"Austrian ikaragarri gozatu nuen Tirolen egonda. Bertako kulturak zerikusi asko ditu Euskal Herrikoarekin, kultura zaindu eta bizitzeko moduan batez ere. Haien tradizioak asko zaintzen zituzten, batik bat, janzkera eta musika aldetik eta horrek erabat liluratu ninduen."
Alemanian ez nuen gozatu, jarduera ezberdinetan ere ez bainuen gozatzen, ez nuen lagun talderik eta horrek markatu egin ninduen gustora egoterako orduan. Jokalariak ordezkatzera pasa nintzenean, bakarrik egiten nuen lan eta zaila izan zen niretzat.
Valentzian Mendilibarrekin ere ez zen erraza izan, partida gutxi iraun genituelako eta taldearekin ere ez ginen oso ondo konpondu. Hala ere pertsona atseginak ezagutu nituen, tartean Levante futbol taldeko lehendakaria.
Eta azkenik Eibarren oso gustora nago. Talde eta leku itzela da bizitzeko, herriak giro paregabea dauka bai herritarren artean eta baita taldearekin ere eta hori asko gustatu zait. Jendea une oro dago kalean, umeak plaza eta parkeetan, gurasoak kalean, azken batean oso ondo bizitzen da Eibarren eta gauza asko egiteko aukera dago. Nahiz eta herri itsusia dela dioten, herria ezagutzera gonbidatuko nuke edonor, kaleetan dagoen giroarengatik.