Igande honetan, ekainak 12, Garrastatxuko lehen Askatasun mendi martxa izango da Baranbion. Ahuntz eguna dela aprobetxatuz, goizean bi ibilbidetako martxa prestatu ditu ‘etxera!’ taldeak, bata laburra, haur eta gurasoek batera egiteko aproposa eta bestea luzeagoa, inguruko mendietaz gozatzeko.
Martxa laburrak 12 kilometro izango ditu, Garrastatxun hasi, txabola Otegitik pasa, Nafarkorta mendia igo eta Garrastatxura bueltatuko da. Luzea Garrastatxun hasiko da baita baina parte hartzaileek Oderiaga mendia igo beharko dute, guztira 20 kilometro eginik. Hornidura puntu bat ere egongo da Arlobin, mendizaleek jan eta edan dezaten.
Bi ibilbidetarako izen ematea bertan izango da martxa hasi baino ordu erdi lehenago, hau da, luzeenean 8tan izango da inskripzioa eta 8:30tan hasiko da martxa. Martxa laburrean 8:30tan izango da izen-ematea eta 9tan emango zaio hasierari. Inskripzioak 4 euro balioko ditu.
Martxaren amaieran sari ezberdinak zozketatuko dituzte parte hartzaileen artean eta ondoren Garrasatxun ospatuko den Ahuntz egunaz gozatzeko aukera izango dute.