"Independentzia noizbait iritsiko da, erreferenduma egin behar da eta egingo da"

Erredakzioa 2016ko eka. 6a, 08:54

MOHAMED ADFAL (Sahara, 1970) Amurrion bizi diren sahararrek osatzen duten 'Convivencia y solidaridad' elkarteko kidea da. Saharar herriak kolonializazioaren kontrako lehenengo mobilizazioa egin zuen momentua gogoratzeko eta autodeterminazio errederendumaren aldeko ekimena egin dute ekainaren 3 eta 4an. Halaber, zendu berri den Mohamed Abdelaziz Frente Polisarioko buruzagia omendu zuten.

MOHAMED ADFAL (Sahara, 1970) Amurrion bizi diren sahararrek osatzen duten 'Convivencia y solidaridad' elkarteko kidea da. Saharar herriak kolonializazioaren kontrako lehenengo mobilizazioa egin zuen momentua gogoratzeko eta autodeterminazio errederendumaren aldeko ekimena egin dute ekainaren 3 eta 4an. Halaber, zendu berri den Mohamed Abdelaziz Frente Polisarioko buruzagia omendu zuten.

Zer gertatu zen Zemlako matxinadan?

1970ko ekainaren 17an gertatu zen. Espainiako okupazioa zela eta, 60. hamarkadan ikasle talde batek “Mugimendu Nazionala” taldea sortu zuen eta aldarrikapen baketsuak egiten hasi ziren, besteak beste, espainiar estatuko 53. probintziako gobernadoreari gutunak bidaliz. Egun horretan manifestazio baketsua egin zuten baina espainiar Estatuaren erantzuna armada baliatzea izan zen. Hildako eta zauritu zibilak izan ziren. Horrek bultzatu zuen borroka. Indarkeriarekin erantzun zituzten aldarrikapen baketsuak.

"Estatu espainiarrak indarkeriarekin erantzun zituzten aldarrikapen baketsuak"

Ondoren Nazio Batuen Erakundeak erreferenduma egitea eskatu zuen, ezta?

Bai, baina oraindik ere hori egitearen zain gaude. Espainiak gure herria traizionatu zuen eta Mauritania eta Marruecosekin batera egindako hitzarmen baten bitartez Saharar lurraldea Marruecosi eskaini zion. Horrek 1991ra arte iraun zuen gerra piztu zuen. NBE eta Afrikako Unitatearen eskuhartzeari esker su etena adostu zen eta autodeterminazio erreferenduma egitea erabaki zuten, baina jada 26 urtez egon gara itxaroten.

"NBEak autodeterminazio erreferenduma egitea erabaki zuen, baina jada 26 urtez egon gara itxaroten"

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Mina dugu, baina gure borroka da eta jarraituko dugu hori defendatzen bide baketsua hartuta. Lagun eta etsaiekin. Hori da erakutsi behar duguna. Pazientzia erakustea da gure presidentea zenari egin diezaiokegun omenaldirik onena.

Independentzia noizbait iritsiko da. Erreferenduma egin behar da eta egingo da. Beharbada guk ez dugu gozatuko baina hurrengo balaunaldiek haien aukera izango dute. Marruekosek betebehar hori dauka eta ez dago beste irtenbiderik.

"Independentzia noizbait iritsiko da. Erreferenduma egin behar da eta egingo da" 

Zer egin duzue Amurrion lehenengoz egin duzuen aldarrikapen honetan?

Asteburuan zehar ekimen bat egin dugu Juan Urrutia plazan. Momentu honetara arte behintzat ukatu diguten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko erreferendun sinbolikoa egiteko hautetsontzi bat jarri dugu.

Kultur jai bat ere egitea aurreikusita geneukan baina bertan behera geratu da Mohamed Abdelaziz Frente Polisarioaren buruzagiagatik heriotzagatik lutoan gaudelako. Hala ere, uste dut antolatu dugun hau Abdelaziz omentzeko modurik onena dela, izan ere, berak biziki nahi zuen zerbait da erreferenduma, saharar guztiok bezala.

Zer mezu transmititu nahi duzue ekimen honen bitartez?

Esango nuke 40 urte hauetan munduari erakutsi diogula antolakuntza eta pazientzia maila handia. Mundua gaur egun dagoen moduan ikusita, erraza da indarkeriara jotzea, baina gu hor gaude, borroka baketsua eginez. Bakea eta adiskidetasunaren maitaleak gara gu. Aldarria garbia da: nahi dugu determinazio askeko eskubidea izatea. Zer egin nahi dugun erabakitzeko eskubidea izatea nahi dugu. Erakutsi nahi dugu hemen gaudela.

"Bakea eta adiskidetasunaren maitaleak gara gu"

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide