Amurrioko Udalak haurren zaintzara bideratutako gela publiko bat egokitu du Kultur Etxean. Haurrei jaten emateko edo garbiketa lanak burutzeko baliabideak daude bertan: bi besaulki, haur-aulki altu bat, mikrouhin labe bat, aldaleku bat, pixoihalak botatzeko ontzi bat eta jostailuak. Guztira, Udalak 3.593,41€ inbertitu ditu zerbitzu berri hori martxan jartzeko.
Arabako bakarra
Lan horretara bideratutako Arabako lehenengo udal espazioa da Amurriokoa. Josune Irabien Amurrioko alkateak azaldu duenez "Ez dugu edoskitzea eta umeen zaintza eskutatu nahi. Tabernak edo kaleaz gain, gurasoei beste aukera pribatu eta goxo bat eskaintzea da gure helburua". Gela Kultur Etxeko beheko solairuan kokatuta dago eta eraikinak duen ordutegi bera du, goizez 10:00etatik 13:30etara eta arratsaldez 16:00etatik 21:00etara. Erabili ahal izateko harreran giltza eskatu behar da.
Irabienek adierazi duenez, etorkizunari begira herriko beste espazio batzuetan antzeko zerbitzuak kokatzea dute helburu. "Beharrak aztertu eta horien arabera beste espazio batzuetan aldalekuak eta haurrei jaten emateko guneak kokatu nahiko genituzte. Kiroldegian, adibidez, ondo legoke". Proiektua garatzeko herriko ekintzaileen bi enpresekin aritu dira elkarlanean.