Iraultza Txikien Asanblada: Umeentzako erabakiguneak

Ainhoa Basarrate Astobiza 2016ko mai. 22a, 17:58

Jolas parke bat eraikitzerako orduan, nork jakingo du hobekien zer behar den bertan ondo pasatzeko? Bizkaiko Urtxintxa Eskola Tertangako Etxean garatzen ari den Domekerö aisialdi proiektuan, adibidez, haurrekin hausnarketa prozesua bideratu zuten iragan udazkenean, ‘Euskararen jolasgunea’ eraikitzeko. Aritz Lili hezitzaileak umeak ahalduntzeko saio horietan parte hartu zuen. “Haurrak dira protagonistak eta haiekin hitz egin behar genuen”, adierazi du.

Jolas parke bat eraikitzerako orduan, nork jakingo du hobekien zer behar den bertan ondo pasatzeko? Bizkaiko Urtxintxa Eskola Tertangako Etxean garatzen ari den Domekerö aisialdi proiektuan, adibidez, haurrekin hausnarketa prozesua bideratu zuten iragan udazkenean, ‘Euskararen jolasgunea’ eraikitzeko. Aritz Lili hezitzaileak umeak ahalduntzeko saio horietan parte hartu zuen. “Haurrak dira protagonistak eta haiekin hitz egin behar genuen”, adierazi du.

Proiektu hori bideratzeko bi saio egin zituzten Urtxintxako kideek gidatuta. Lehenengoan haurrek haien ideia eta iritziak plazaratu zituzten eta bigarrenean egin beharrekoak zehaztu zituzten. Plastilina erabilita, gunean nahi zituzten jokoen maketa koloretsua egin zuten: txirrista, gaztelua, arearentzako tokia, pilotadun makilak eta ibilbide zirkularra. Azkenengo fasean, “Hiritik At!” arkitekto elkartearen laguntzarekin, herriko guraso eta familiek espazioa auzolanean atondu zuten birziklatutako materialak erabilita eta haurrek egindako planari eutsiz.

 

Tertangako “Euskararen jolasgunea” auzolanean egiteko, haurrekin egin zituzten asanbladak, espazio horretan haien behar eta nahiei bide emateko

 

Urtxitxa Elkarteko kide den Ondiz Barandallak Tertangako proiektua bezalako egitasmo gehiago egon beharko liratekeela uste du: “Batzuetan uste dugu txikiak direnez ez dutela ahalmenik erabakitzeko edo haien aisialdian zer egin nahi duten erabakitzeko, baina guk oso argi dugu baietz”. Baina aukerak falta dira horretarako, Barandallak adierazi duenez.

[video:https://vimeo.com/167518872]

Oinarrizko eskubidea
1989an nazioarte mailan onartu zen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmeneko 12. artikuluaren arabera, “haur orok bere iritzia adierazteko eskubidea du berari dagozkion gai guztietan, baita iritzi hori aintzat hartua izan dadin ere”. Julene Onaindia Garcia Urtxintxako kidearen esanetan, ordea, orain arte dena “haurrentzat baina haurrak kontuan hartu gabe” egiteko joera orokorra izan da, bete beharreko araudi hori mahai gainean egonda ere.  

Horrekin amaitzea dute helburu Urtxintxa Eskolak sustatzen dituen proiektuek. Elkarteak bere 30. urteurrena ospatu berri du Tertangan, eta geroz eta ekimen gehiago bultzatzen ditu haurren ahalduntzea lortzeko. Besteak beste, Tertangan ere udaleku parte-hartzaileak egiten dituzte. eta egonaldia hasi aurretik haurrekin biltzen dira antolatzaileak programazioa haiekin batera diseinatzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzak Estatu mailako auzolandegiak antolatzen ditu herrian eta egitaraua ere parte hartzaileekin adosten dute, harreman horizontalak sustatuz.

Amurrioko Euskara Arloak antolatzen dituen “Oporretan ere euskaraz” udaleku irekietan antzeko gauza bat egin zuten iaz. Urtxintxa Eskolaren parte den Eragintza Kultur Erakundeak kudeatuta, “Sortu zure ametsetako jolasgunea” proiektua garatu zuten parte hartzaileek. Umeek euren jolasgunea pentsatu, erabaki eta diseinatu zuten, ondoren, lagun eta familiekin batera, auzolanean eraikitzeko. Proiektu guzti hauek ardatz duten filosofia argi azaltzen du Onaindiak: “Haurrak erdigunean jarri beharra dago. Hori ez da soilik haurrak kontuan hartzea, hitza ematea eta iritzi eskatzea; antolaketa, erabakitzeko eskubidea eta baliabideen kudeaketa zintzoki protagonista den taldearen eskuetan uztea da gure apustua”.

 

1989an ia munduko herrialde guztiek onartu zuten Haurren Eskubideen Hitzarmenaren arabera, haur orok du “bere iritzia eman eta hori kontuan hartua izateko” eskubidea

 

Haurrei aginte makila ematearen beldur diren horiei aurre egitea gomendatzen du Onaindiak. “Haurrak uste baino zentzudunagoak eta arduratsuagoak dira. Badakite zer nahi duten eta hori aurrera eramateko tresnak eta baliabideak eskaini behar zaizkie”. Haatik, aisialdian, hezkuntzan eta familian, haurrak ahaldundu eta haien autonomia sustatzera animatzen ditu familiak: “Haurren indar naturalean konfiantza izatera animatuko nituzke, horrek haurren berezko gaitasunetan konfiantza izatea dakarrelako”.

Erronka nagusiena “proiektu txikietatik, proiektu integralera pasatzea” litzateke. Urtxintxako kidearen ustez, “Hezkuntzan honen inguruan hausnartu beharko lukete eta metodologiak aldatzeko bideak zabaldu beharko lituzkete. Eskoletatik, familietara, eta hezkuntza ez formaletik, instituzioetara”.  

 

Eskoletan ere, ahalduntzea bultzatuz

Haurren ahalduntzea helburu duten hainbat proiektuk eskoletako ateak jo dituzte. Eskualdeko adibiderik argiena Arrankudiagako Eskolakoa da. Izan ere, bertan, ikasleek beraiek erabakitzen dute zer ikasiko duten, testulibururik erabili gabe eta haurren iritziek gidatutako proiektu globaletan oinarritzen den metodologia aplikatuta.

Ikasleek pentsatu eta proposatzen dituzte hiruhilabete bakoitzean landuko dituzten gaiak eta jarduerak. Irakasleek, haien aldetik, proiektu osoa egituratzen dute, hainbat ezagutza arlotara aplikatuta: matematika, hizkuntza edota  gorputz heziketa.

Arrankudiagako eskolan ez dute testulibururik, ikasleek beraiek proposatzen dituzte proiektuetan landu nahi dituzten gaiak eta irakasleek ikasgaietan forma ematen diete

 

Eskolako zuzendaria den Nekane Otsoak adierazi duenez, landuko den hori prestatzeko prozesuan “ikasleek dakitena eta egiten dakitena kontuan hartzen da, oinarrizko eta ezinbesteko baldintza izanik hori”. Amaieran landutakoaren aurkezpen publikoa egiten dute, irakasle, ikaskide eta gurasoen aurrean.

Orozkon, eskolara oinez
Aurten ekin diote Orozkoko Eskolan “Eskola bidea” egitasmoari. Etxetik bide seguruetatik eta lagunekin eskolara joateko bitartekoak jartzea dute helburu. Diagnosi fasean dago programa, baina ekainean egingo dute lehenengo proba.

Garazi Abrisketa Urtxintxa Eskolako kidea murgilduta dago proiektu horretan. Lehen Hezkuntzako ikasleen iritziak jaso dituzte, hasteko. Izan ere, bere esanetan, “Nahitaezkoa da beraien ahotsa entzutea. Normalean helduon beldurrak edo beharrak ez  dira haurren berdinak izaten”.
Bidean ikasleek topatzen dituzten gauza positiboak zein negatiboak landu dituzte, hainbat dinamika baliatuta. Abrisketak azaldu duenez, horrela, “haurrek galdutako espazioak berreskuratzen dituzte, herria eta kalea, autonomia irabazteaz gain. Eskolako ama batek esan zuenez, ‘Galdutako konfiantza berreskuratzean datza’ haurrak ahalduntzeko programa honek”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide