Julen Latorre txirrindulari amurrioarrak Superprestigio mendi txirrindula txapelketako hirugarren proba irabazi zuen Tibin (Alacant) pasa den maiatzaren 15ean, eta garaipen horri esker, sailkapeneko lehen postua eskuratu du nazioarteko lehiaketan.
Garaipen estua lortu zuen Amurrioko kirolariak, lehen lau sailkatuak 30 segunduko tartean helmugaratu baitziren. Hala ere, garaipen horrekin, sailkapen orokorreko lehen postua lortu eta 30 puntu atera dizkio bigarrenari. Azken proba hurrengo ekainaren 26an izango du Lizarran.
Superprestigio MTB, ospe handiko lasterketa
Lasterketa hori Nazioarteko txirrindularien batasunaren (UCI) egutegian dago sartuta UCI C2 kategoriapean; hori munduko bigarren maila nagusian egonik, munduko txapelketak bakarrik gainditua.
Beraz, hain garrantzitsua izanik, lortutako garaipena prestigio handikoa da, banatzen diren UCI puntuak kontuan izanda, partaidetza handikoa baita.
Euskadiko eta Espainiako Openak helburu
Superprestigio txapelketaz gain, beste helburu batzuk ditu Julenek begiz jota. Euskadiko eta Espainiako Openetako probetan hartuko du parte, ekainaren 26ko probaren aurretik.
Euskadiko Openean hogeita hiru urtez azpiko mailan ari da parte hartzen Amurrioko kirolaria eta egun, bere kategorian, bigarren sailkatua da. Hurrengo proba Pasaian izango du larunbatean, maiatzaren 21ean.
Espainiako Openean ere bigarren postuan dago Julen lehen postutik 173 puntura. Hurrengo proba Benasquen (Huesca) izango du ekainaren 5ean.