Iragan maiatzaren 13an inauguratu zuen Tubos Reunidos enpresak bere lantegi berria Gasteizen, funtzionamenduan jada bi hilabete inguru daramatzan arren. Tubos Reunidos eta Marubechi-Itochu Tubulars Europe enpresen arteko aliantzaren fruitua da fabrika berria. Marubechi-Itochu enpresa japoniar bat da, altzairuzko produktuen salmenten munduko liderra den talde baten parte dena (8.000 langile ditu 120 herrialdetan). Biena da fabrika, baina Tubos Reunidos da gehiengoaren jabea (% 51).
Gasteizko lantegian 80 langile ari dira lanean, eta petrolio zein gasaren esportaziorako balio duten hodiak ekoizten dituzte. Tubos Reunidosek 30 milioi euro inbertitu ditu azpiegitura berri horietan, eta aurreikusi dute urtean 30.000 tona hodi fabrikatu ahal izango dituztela.
11,1 milioi euroko galerak
Fabrika berri horren irekierak kontraste handia egiten du Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian bizi den egoerarekin. Bertako 776 langilek apiriletik daramate Enplegua Murrizteko Espedientean, zeinen bidez aurten lanaldiaren heren bat inguru murriztuko zaien. Hortaz gain, enpresak adierazi du urteko lehen hiruhilekoan 11,1 milioi euroko galerak izan dituela, petrolioaren prezioaren jaitsiera dela eta. Azken hamar urteetan 215 milioi euro irabazi ditu enpresak.