Artomañanako ur hornidurak gaur egun dituen arazoak konpontzeko lanak onartu berri ditu Arabako Foru Aldundiak. Hala, udan ekingo diote proiektua burutzeari, 521.892 euroko aurrekontuarekin. Foru erakundeak bost hilabeteko epean amaitzea aurreikusi du.
Ur hornidura bermatzeko, Urduñako Ur Edangarria Tratatzeko Estazioarekin konektatuko dute Artomañan dagoen depositua, hoditeria sistema berriarekin. Gainera, ponpaketa estazioa eraikiko dute.
Aloria eta Delika
Etorkizunean Aloria eta Delikara ere ura ponpatzeko gaitasuna izan dezan diseinatu dute estazio berri hori, horretarako hoditeria instalatu beharko den arren. Obrak egin bitartean ez dute ur hornidura moztuko.
Orain bi iturburutatik hartzen du ura herriak, baina agorraldietan emaria gehiegi urritzen da. Herritarren beharrak asetzeko arazoak egoten dira eta Aldundiak tanga kamioiak erabili behar izaten ditu herria urez hornitzeko.