Hurrengo maiatzaren 15ean, Abel Fernandez “Spider-Abel” amurrioko korrikalariak bere 50. maratoian parte hartuko du Gasteizen egingo den Martin Fizen maratoian. Hori dela eta ekimen berezi bat abiatu du Montes Solidarios proiektua diruz laguntzeko.
Aipatzekoa da korrikalari honen berezitasuna. Maratoietan eta mendi lasterketetan dabilen kirolari hau “spiderman” traje batekin hasi zen parte hartzen txantxa gisa baina pixkanaka jantzia hobetzen joan eta gaur egun, arnasa arazorik gabe hartzeko “spiderman” janzki bat erabiltzen du lasterketetan.
Montes Solidarios ekimena
Montes Solidarios ekimena irabazi gabeko eta desgaitasun ezberdinak dituzten pertsonak laguntzeko elkartea da, non haien helburu nagusiena pertsona hauek mendian zehar egiten diren ekintzak egin ahal izateko erraztasunak bilatu eta antolatzean datza.
Ekintza hauek egin ahal izateko teknika eta era asko daude desgaitasunak dituzten pertsonak laguntzeko eta elkarteak haiek eta haien laguntzaileak hezi eta entrenatzen laguntzen ditu. Horren adibide dira itsuentzako mendi gidarien formakuntza edota eskalada eta eskian mugikortasun murriztua dutenentzako prestatutako pertsonak izatea.
Spider-Abelek maratoian egingo duen denbora izango da apustugaia
Ekimenerako dirua lortzeko aiaraldean eta Gasteizen kartel ezberdinak jarri ditu Abelek, bertan maratoian lortuko duen denbora apustugai izanda sari ezberdinak banatuko dituelarik.
Apustu bakoitzak hiru euro balioko ditu eta markatutako denborara gehien hurbiltzen denak irabaziko du saria. Aiaraldean Amurrio, Murga, Urduña eta Laudioko taberna eta dendetan jarri ditu kartelak.
Informazio gehiago eta kartelen kokaleku eta sarien berri izateko: Montes Solidarios