Amurrioko Udalak herrian udal aterpea egiteko bideragarritasun ikerketa gauzatuko du. Hala erabaki zuen udalbatzak, aho batez, apirilari zegokion deialdian. Orain Amurrio-Podemos taldeak egin zuen hasierako proposamena.
Kepa Gonzalez Orain Amurrio taldeko bozeramaileak azaldu zuenez, udal aterpeak "kultur elkarte zein kirol taldeen arteko trukeak egiteko aukera eskainiko luke, turismoa sustatzeaz gain".
Hori gauzatzeko, eraikin publikoren bat birgaitzearen alde egin dute. Haien esanetan, "El Reforreko eraikina aukera bat izan daiteke, gaur egun partzialki erabiltzen baita". Zerbitzu berri horrek lanpostuak sortuko lituzkela ere gaineratu zuen.
Orain dela urte batzuk egindako antzeko ikerketaren arabera, 650.000 euro inguruko gastua suposatuko luke Amurrion zerbitzu hori abiatzeak.