Amurrioko Udalak Onsoño eta Mendigurengo bideak zein San Roke jaitsieta konpontzeko diru laguntza eskatu du, izan ere, bide horiek hondatuta daude 2015eko lehen hiruhilekoko eguraldi txarraz geroztik.
Onsoñoko errepidearen kasuan, Kruzialde ur-biltegiaren parean dagoen mendi-hegaleko lur-lerradurak auzora sartzea oztopatzen zuen, zoruak errepide osoa betetzen baitzuen. Hori dela eta, iazko ekaina eta uztaila bitartean lurra kendu zen, ezponda garbitu zuten eta lursaila egonkortu zuten, eusteko hiru harri-lubeta eraikiz. Hala ere, oraindik Mendigurenen eta Onsoñon 100 metroko luzera duen harri-lubeta bana eraiki behar dute. San Rokeko jaitsieran, berriz, zementua bota, areka profilatu eta asfalto berria jarri behar dute. Lan hauek gauzatzeko 18 hilabeteko epea beharko litzateke.