"Asko eskertzen dugu zaleen berotasuna"

Erredakzioa 2016ko api. 29a, 09:45

SORAYA JIMÉNEZ (Amurrio, 1996) eta ÁLVARO CASAS (Amurrio, 1988) Zaraobe Saskibaloi Taldeko emakume seniorren pibota eta entrenatzailea dira. Ligako lehenengo postuan amaitu dute denboraldia apirilaren 23an irabazi zuten partiduari esker eta kategoriaz igo dira. Irailetik aurrera arituko dira, aurrenekoz, lehenengo mailan.

Nola ikusi zenuten zuen burua ligako azkenengo partidu horretan?

Nola ikusi zenuten zuen burua ligako azkenengo partiduan?

Casas: "Aurreko asteburuan izan zen, Gasteizko Presentación de María taldearen aurka. Talde hori zen, hasiera batean, zailenetarikoa. Banakako defentsan presioa egiten dute, fondotik. Beraz, zailena zen. Hasieratik amaierara arte menderatu genuen, haien defentsa nola erasotu behar genuen bagenekien, baloia mugitzen. Partiduan nagusi izan ginen. 15 puntuko aldearekin hasi ginen, gero gehi 25 eta 30 puntuko aldea ere lortu genuen. Beherakada izan genuen baina 25 puntuko aldea mantendu genuen eta hortik garaipena lortu genuen."

Liga irabazi eta kategoriaz igo zarete. Ondo ospatuko zenuten!

Jiménez: "Bai. Amaieran talde argazki bat atera genuen eta gurasoekin beste bat. Aldageletara joan ginenean ekipajeekin eta guztiarekin busti ginen, dutxetara sartu ginen, eta gero entrenatzaileak ere sartu ziren xanpainarekin! Oso ondo pasatu genuen, argazki piloa atera genituen, bideoak ere. Oso polita izan zen."   

Nolakoa izan da garaipen hau lortzeko bidea?

Jiménez: "Ez da erraza izan, azken finean taldean gutxi gara eta nabaritzen da entrenamenduetan. Gainera, beste taldeek ere lehenengo mailara igo nahi zuten. Borrokan ibili gara denbora luzez."

Udako geldiunearen ondoren, nola ikusten duzue hurrengo denboraldia?

Casas: "Ilusioarekin, baina fitxaketak egin behar ditugu. Lan egiteko gogoa duten pertsonak behar ditugu, kirola egiteko gogotsu daudenak. Taldea aurrera ateratzeko jendea behar dugu. Gutxienez 8 pertsona behar ditugu baina taldekideetako baten bat kanpora joango da ikastera eta taldea motz’ gelditzen da. Beraz, beharbada, ezingo dugu taldea atera. Fitxaketak behar ditugu."

Zaleen berotasuna gertu izan duzue.

Casas: "Asko eskertzen diegu. Jokalarien amei, beste talde batzuetako entrenatzaileei, klubeko beste jokalariei, hemen, harmailetan egon direlako, etxean topera animatzen turutekin, bonboekin, tronpetekin, zarata topera egiten kontrako taldearen jaurtiketa libre bakoitzean huts egiten laguntzen eta guk errazagoak ziren saskiratzeak lortzen. Horregatik guztiagatik, asko eskertzen diegu."    

Nola baloratzen duzue, orokorrean, taldeak egindako lana?

Casas: "Nire aldetik oso positiboa izan da. Batzuetan, azterketengatik, lau bakarrik etortzen ziren entrenatzera baina %100ean entrenatu dugu, partiduari begirako gauzak lantzen eta oso ondo, oso positiboa."  

Jiménez: "Bai, oso positiboa izan da. Entrenamenduetara etorri gara ahal izan dugun guztietan eta, baita ere, asko ikasi dugu mutilekin entrenatzen. Handiagoak dira eta indar handiagoa dute eta haiekin entrenatzean asko ikasten dugu."    

Noiz entrenatzen duzue?

Jiménez: "Astero entrenatzen dugu. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, ordu eta erdiz. Batzuetan guk bakarrik eta beste batzuetan mutilen taldearekin."

Denboraldi berriari begira, beraz, fitxaketa berriak egin behar dituzue.

Jiménez: "Bai, bilatzen ditugu, beste gauza bat da lortzea, izan ere, ikasketekin eta lanarekin zaila da. Entrenatzeko denbora izatea ez da erraza."

Casas: "Bai, hemendik eskatu nahi dugu jendea gurekin jolastera etortzea, gogotsu etortzea, lan egin eta ikasteko gogoekin, esan dugun moduan. Jendea behar dugu taldea aurrera ateratzeko. Gure kategoria zorrotza da eta horretan jokatzeko gogoak behar ditugu."

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide